bilbo - 2 eta 17 urte bitarteko hamar adingabetatik batek gizentasuna pairatzen du Euskadin, Osasun Inkesta Nazionaletik ateratako datuen arabera. Azkeneko urteetan portzentaia nabarmen handitu da, 2006ko %5,4tik egungo %11ra arte. Oro har, mutilengan eta maila sozioekonomiko baxuagoa duten familietan bizi direnei eragiten die gehien obesitateak.

Gaurkoan ospatuko den Elikaduraren Munduko Egunarekin bat, Unicefek Gasol Fundazioarekin lankidetzan burututako Desnutrizioa, haurren gizentasuna eta haurren eskubideak txostena aurkeztu zuen atzo Bilbon.

Elikadura desegokiak eta sedentarismoak gizentasunaren hazkundea ekarri dutela ondorioztatu da. Gauzak horrela, Aladino informeari so eginez gero, 6 eta 9 urte bitarteko haurren %34,2k obesitatea dutela ikus daiteke. Eta nagusiagoak direnen artean, Pasos izeneko ikerketa baten arabera, datuak an-tzekoak dira oso. Izan ere, 8 eta 16 urte bitartekoen artean %34,9k gehiegizko pisua dute. “Euskal haurren artean gehiegizko pisuaren prebalentzia datuz kezkagarria bada ere, Estatu espainiarraren %41,3aren azpitik dago adin horietan”, ziurtatu zuen Clara Homs Gasol Fundazioaren Programako teknikariak.

Espainian egoera EAEn dagoenaren antzekoa da aipatutako datua alde batera utzita: 8 eta 16 urte bitarteko umeen %35ek behar baino pisu gehiago dute. Hala nola, arrazoiak hurrengoak dira: dieta desegokia, behar bezala ariketa eta dagokion kopuruan ariketa fisikoa ez egitea edota denbora gehiegi igarotzea pantailen aurrean. Halaber gero eta handiagoa da azkenaldian gizentasuna eta gehiegizko pisua etxeko pobreziarekin duen lotura estua. “Milioika haur behar dutenetik oso gutxi jaten ari dira eta milioika haur behar ez dutenetik asko jaten ari dira”, azaldu zuen Isidro Elezgarai Unicef Euskal Herriko Batzordeko presidenteak txostenen aurkezpenean

Bai, Elezgarairen ildotik jarraituz, arazoak kezkagarriak dira errepidearen bi aldeetan. Mundu mailan, bost urtetik beherako hiru haurretatik batek desnutrizioa du. Horrekin batera, sei hilabete eta bi urte bitarteko hiru neska-mutiletatik bik ez dute beren gorputzen eta garunen hazkunde azkarra bultza-tzen duen elikagairik jasotzen. Hartara, euren garunaren garapena kaltetu daiteke, ikaskuntza prozesua oztopatu, sistema inmunologikoa ahuldu, infekzioak izateko aukera areagotu, eta, maiz, herio-tza arriskua ekar dezake. Egoerari aurre egin ahal izateko, desnutrizioari bestelako erantzuna eman beharko litzaiokeela iradoki zuen Elezgaraik: “Kontua ez da haurrei jateko nahikoa ematea, baizik eta janari egokia ematea. Unicefetik gobernuei, sektore pribatuari, emaileei, familiei eta enpresei dei egiten diegu Euskadiko eta munduko haurrak osasuntsu haz daitezen”.

Etorkizunera begira, Pasos txostenak kezka hauek azpimarratzen ditu: 149 milioi haurrek hazkundearen atzerapena jasaten dute, edo txikiegiak dira euren adinerako. Gainera, 50 milioi haur argalegiak dira euren altuerarako; 340 milioi haurrek -hau da, 2tik 1- bitamina eta funtsezko mantenugaien gabeziak dituzte, besteak beste, A bitamina eta burdina; 49 milioi haurrek dute gehiegizko pisua edo gizentasuna.

Klimaren inguruko hondamendiek dakartzaten elikagai krisi larriak ere aipatzeko modukoak dira. Izan ere, lehorteak, nekazari-tzan ematen diren kalte eta galeren %80 suposatzen dute, modu honetan, haurrek eta familiek elikagaiekiko duten eskuragarritasuna zeharo murriztuz. Hartara, ezinbestean, prezioak eta elikagai-kantitatea aldatzen dira.