DONOSTIA. EAEko unibertsitate ikasleek 317 artikulu gehitu dituzte Euskarazko Wikipediara. Horrela, unibertsitate publikoa izan da protagonista dinamika honetan, lan gehiena EHUko ikasleek egin baitute; izan ere, parte-hartzaileen %94 EHUkoak izan dira. Gainera, hitzarmenari esker, 817 artikulu berri gehitu dira antolatu diren lehiaketen bidez, eta 716 hobetu dira. Gainera, 8-13 urteko haurrentzako Txikipedia ekimena sortu da. Bingen Zupiria Kultura sailburuak, Estibaliz Alkorta Euskara Sustatzeko zuzendariak, Jon Zarate Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Euskara errektoreordeak eta Galder González eta Edurne Agirre Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko kidea izan dira proeiktuari buruz informazioa eman duten ordezkariak Donostiako campusean emandako prentsaurrekoan.
Sortu edo hobetu diren artikulu askok lotura zuzena dute iaz sinaturiko akordioari esker abiaturiko "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuarekin. "Hasiera batean 1.000 artikulu hobetzeko erronka jarri genuen, baina laster ikusi genuen zenbaki zehatz hori baino harago joango ginela, eta arloz arlo zehazten joan gara", azaldu du González-ek.
Horrela, 1.710 artikulu daude zerrendan, eremu guztietakoak, eta ikasturtearen hasieratik, unibertsitateetako ikasleekin batera eta beste bide batzuen bitartez, ehunka artikulu berri egin dira edo hobetu dira. "Horietako asko zerrenda horretan dauden gaiak dira eta beste askok lotura zuzena dute zerrendan dauden gaiekin", gaineratu du.
Beraz, momentu honetan 1.710 artikulu horietatik 264 egiteke daude eta 781 laburrak dira (5.000 byte baino gutxiago). "Akordioa 2019ko abendura arte luzatuko da, eta epe horretan egin gabe daudenak burutu beharko ditugu, laburrak diren asko luzatzen saiatuko gara eta gainontzekoak ere hobetzeko ahalegina egingo dugu, beti baitago hobetzeko tartea. Horrez gain, 1.710 gai horiekin erlazionatutako gaiak ere gehituko ditugu", azaldu du Zupiriak.
Unibertsitateekin batera egin edo hobetu diren lan gehienak EHUko ikasleen parte hartzeari esker egin dira. Gutxienez 829 ikaslek hartu dute parte (askok talde lana egin dutenez, seguru aski gehiago izan dira), eta egin edo hobetu diren 1.033 artikulu horien bitartez (317 egin eta 716 hobetu) milioi bat hitz baino gehiago gehitu dira Euskarazko Wikipediara. Artikulu horiek 256.000 ikustaldi izan dituzte sei hilabetetan eta 330 irudi berri ere gehitu zaizkie.
Prozesuan parte hartu duten ikasleen %52,6 unibertsitateko laugarren mailan daude, eta beste %21,1 hirugarren mailan. Ikasleen %85 baino gehiagok balorazio "ona" edo "oso ona" egin du ariketaz, eta guztien %94,7k errepikatzeko prest daudela esan dute.
LEHIAKETA ETA TXIKIPEDIA
Bestalde, Euskarazko Wikipedia hobetzeko asmoz, eta Euskal Wikilarien Elkarteak Jaurlaritzarekin sinatu zuen akordioaren baitan, aurten beste ekimen bat jarri da martxan: hilabeteko lehiaketa. Ekimen horren bitartez wikilari berriak lortu dira gutxi garatutako gaiei hel ziezaieten, hala nola Afrikako historia, elikadura, emakumeen historia edo giza sexualitatea.
Parte hartu duten wikilarien artean sariak zozkatu dira, eta emaitza bikainak lortu dira. Dinamika honen bitartez 817 artikulu berri sortu dira, 275.868 hitz eta 1.405 irudi berri gehituz, eta 4.047 erreferentzia sortuz.
Halaber, 2018-2019 ikasturtean sustatu den beste proiektu nagusietako bat Txikipedia ekimen aitzindaria izan da, 8-13 urteko umeentzako Euskarazko Wikipediaren baitako bertsio bat. Hasiera batean helburua zen 8-13 urte bitarteko haurrentzat Frantzian sortutako Vikidia sustatzea, baina horrek zenbait arazo zekartzan (ezezaguna zen, zailtasun teknikoak zituen). Testuinguru horretan sortu zen Txikipedia sustatzeko ideia.
Haurrentzako entziklopedia honek lotura zuzena du Euskarazko Wikipediarekin eta Norvegiako wikilariek proiektua sustatzen lagundu dute. Egun, entziklopediak umeentzako moldaturiko 1.070 artikulu ditu, eta 13.300 bisita izan ditu sortu zenetik. Gainera, euskara aitzindaria izan da proiektu hau garatzen.
BESTE PROIEKTUAK
Proiektu hauetaz gain, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak bestelako elkarlanak ere sustatu ditu 2017-2018 ikasturtean. Elhuyar Fundazioarekin batera sustatutako lankidetzari esker, Zientzia eta Teknologia Hiztegiko (ZTH) 6.600 deskribapen eta definizio igo ditu Wikidatara, eta beste 20.000 inguru igotzeko aukera izango du etorkizunean.
Susa argitaletxearekin ere lankidetza bat abian jarri da. Helburua da, batetik, euskal literaturari lotuta egon behar diren funtsezko artikuluak zehaztea, eta, bestetik, Armiarmako datu baseak eta Wikidata koordinatzea.
Donostiako liburuzainak ere lanean ari dira literatura unibertsalari dagokion eremua hobetzeko, eta, Berria egunkariarekin adostutako akordio baten bitartez, historia osoan zehar egin dituzten infografiak Wikimedia Commonsera igoko dira. Akordio horri esker, 16.000 infografia baino gehiago kontsultatu ahal izango dituzte erabiltzaileek.
Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko lagunek Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) ere lankidetza sustatuko dute. Alde batetik Udako Ikastaroetan hiru saiotan hartuko dute parte; bestetik, historiako liburuetako hainbat pasarte askatzeko elkarlana abiatu da, Wikiteka bat sortzeko proiektua osatzeko bidean; azkenik, Jone Uria bertsolariari esker abian da matematikari buruzko hainbat definizio bertsotan emateko ekimen bitxi bezain interesgarria.
2018-2019 ikasturteari begira, helburuetako bat horrelako lankidetzei eta sortuko diren berriei ekitea izango da. Esaterako, ahotsak.eus webguneko edukia Wikipediara igotzeko asmoa dago. Webgune horretan 300 udalerri baino gehiagotan grabatutako euskararen laginak jasota daude, 50.000 bideo ezberdinetan. Helburua da 300 herri horietako euskararen lagin bat hartu eta dagokion herriko artikulura igotzea, tokiko aldaeraren inguruko informazio osagarriarekin batera.
Bestalde, aurten egindako lan guztia zabaldu eta egonkortu nahi da. Datorren ikasturteari begira ekarpen berriak jaso nahi dira, eta bereziki beharrezkoa ikusten da historiari eta soziologiari buruzko gaiak lantzea. Horrez gain, Bigarren Hezkuntzako ikastegietara heltzeko ahalegin berezia egingo da, aurten landutako materialak baliatuz.
Euskarazko Wikipediak 294.000 artikulu ditu gaur egun eta 25.895.000 artikulu irakurtzen dira urtero (egunero 70.000 euskarazko artikulu irekitzen dira). Iazko ekainean Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen artean akordioa sinatu zenetik 12.410 artikulu berri sortu dira, horietako asko lankidetza honek ahalbidetu dituen bideei esker. Akordioa hiru urtekoa da (2017-2019) eta Eusko Jaurlaritza 200.000 euro inbertitzen ari da urte bakoitzean Euskarazko Wikipedia hobetzeko.
Munduko entziklopediarik irakurriena da Wikipedia, eta mundu zabaleko 300 hizkuntzatan argitaratzen da. Artikulu gehien dituzten hizkuntzen artean 31. postuan dago euskara, iaz zegoen postu berean. Hala ere, kalitateari dagokienez hiru postu igo ditu eta 52. postuan dago gaur egun.