Síguenos en redes sociales:

‘Atxili’ edo energiaren iturria

‘Atxili’ edo energiaren iturria

bilbao - Gizonek (batez be gizonek) asmatutako jainkoetaz sinesten ez dogunok badogu arazo bat: estularrixetan, arazo potoloen aurrean, ez daukagu nori errezatu, nori eskatu, zeini erregutu. Txarrenean, ez dogu zein madarikatu be. Beraz, onartu behar dogu herrenka biziko garela beti. Baina gizonek (batez be gizonek) asmatutako jainkoetaz sinesten ez dogunok be badoguz sinesmenak. Nire kasuan, apur bat metafisikoak, energian sinesten baitot, bizi dan bitartean gizakiak eskaini leiken energian. Batzuetan negatiboa izan leike, bestetzuetan positiboa. Hautatzeko modurik badago, zer esanik ez, hoba jendarte positiboetara lerratu, eurak emoten dabelako bizi-poza, aurrera egiteko gasolina. Ba, hiru berbatan esateko, holakoxea zan Asier (Atxili), energia-iturri etenbakoa. Eta, oin, energia-iturri hori eten jakunean, badirudi danok gagozala makalago.

Atzera egiteko betaurrekoak jarri eta iraganera egingo dot jauzi. Hantxe ikusten dodaz, lausoan bezala, mutil koskor bi, Santa Kurutzeko ermita aurreko bedartzan garra-garraka: Asier eta Benjamin lehengusuak, beti alkarregaz eta beti liskarretan. Sumatzen zan, hasiera-hasieratik, hor baegoala potentziala. Urteen errotak aurrera egin ahala, Beheko Kalean kointziditu gendun barriro, koadrila batekoak eta bestekoak, Altxuneko lursailean txabola bat egin guran. Egin egin genduan, bai, eta zapuztu be bai, koadrila desberdinen arteko hasarre inozoak tarteko. Orduko hark zapore gazi-gozoa itxi eustan, baina denborak bigundu egiten dauz iraganeko atsekabe eta saminak, eta kasu hau ez da salbuespena.

Beste horrenbeste urte pasatu eta hara non aurkitu zintudan, Atxili, bizikleta gainean. Ondotxo hartu zeuntsan neurria, eta agerian geratu zan koadrilako onena zinela, hortik gora be marka galantak egin zenduzala. Baina gertaerak baino politagoak dira beti legendak, eta bat kontatuko dot, lagun artean askotan errepikatu izan doguna eta, esanaren esanaz, egia berdaderoa bihurtu dana, memoriak badakielako maitagarria bezain traidorea izaten. Behin, karrerista sarda itzela batu omen zan txapelketa baten, eta hortxe zengozan zu, Atxili, punterengo. Alboan, zure bizkarzaina, Benjamin. Baina, azken bihurgune bat falta zala, Benjaminek abante egin eban ezustean, eta, aitzinean egoala, bere burua bota eban lurrera, atzetik etozen danak hankaz gora jarriz. Istripua baliatu eta karrera zuk irabazi zenduala en-tzun izan dot beti. Edo halan kontatu nahi izan dogu, ze demonio!

Zugaz egindako edozenbat parranda be ezin ahaztu. Txikia zinen, txikia zinenez, baina ez zendun tamaina gehiagorik behar nabarmentzeko. Adar-jotzaile mundiala zinen, txispa beti piztuta. Barra-muturrak zelan astintzen zenduzan gogoratzen dot, edontzi eta botilak dantzan jarriz.

Barriro begilagun engainagarriak jarri eta Arangoitira egingo dot salto. Arangoitiko auzoan bizi ginen gu, Artxanda mendiaren gonapean, Bilbon. Sekulako estudiante-tunanteak ginela ezin ukatu, eta asteroko jardunean eguenak izaten ziran egunik gogorrenak eta estimulatzaileenak. Asteari amaiera emoteko itzelezko barrabaskeriak egiten genduzan, eta zain egoten ginen, zuek noz etorriko. Koadrilako azken soldaduak izan zineten Imanol, Joseba eta zu zeu (Josema, Jon eta Gaizkarekin batera). Logroñotik-edo etortzen zineten, iluntze aldera, goseak bainoago egarriak jota, eta gure zerumugan beti egoan jairen bat: Sarrikokoa ez bazan, EHUkoa, eta bestelan guk geuk asmatzen genduan zer edo zer, Natxitxuko eta Lekitxoko neskak engainatuta. Hareek be nahikoa aguantatu euskuen, horratio!

Gomutan dodaz zelango mahats-pasak harrapatzen genduzan. Jakina, biharamuneko bestondoak be ez ziran makalak izaten, baina egun hauetan ezin izan dot kendu burutik irudi bat, nik kamara zaharrarekin grabatu nebana: zu beso bakarrarekin flexinoak egiten erakusten daben irudia, hain zuzen. A ze indarra eta bizkortasuna! Dotore grabatu genduan eszena, hain ondo ze emoten eban ia esfortzu barik egiten zenduala zirku-ariketa: bat, bi, bost, hamar, hogei... Kamarak, baina, ez eban gerritik laguntzen eutsun beste hura grabatu. Geroago, zinemaren magia deitu eutsien horri, eta Spielberg izeneko batek kopiatu eban.

Kaminoko bizikleta zendun gurago, eta iaz egin zenduan azken buelta luzea, moxalen kamisetarekin; gero baztartu egin behar izan zendun, gaixotasunaren erruz. Halan da be, eta Benjaminekin batera, jo-ta-su ibili zinen herriko Txirrindulari Alkartean, beti laguntzeko prest. Ehizan be jardun zendun, ez larregi. Nik uste mendiak berak emoten daben hauspoa maite zenduala, batez be. Hau da, txoriena aitzakia hutsa zala. Besteekin egoteko aitzakia, barre batzuk egiteko desenkusa.

Aipatu dodan legez, bazenekien barrea eragiten, baina trufa eta katxondeo sanoaren ostean baegoan beste aurpegi bat, gizon zintzoarena, gauzak serio hartzen bazekienarena. Onean eta txarrean. Gaixotasunagaz be medikuak harrituta itxi zenduzan. A ze adorea, zioten sendagileek, ikusita egoera lazgarrian erakutsi zendun gizatasuna eta indarra. Hor bai ikusten dala nor dan nor. Eta zu pertsona ziren, kopetetik behatzetaraino; eskuzabala, gardena eta zorrotza, behar zanerako.

Esango neuke Egoitzek jaso dabela aitaren berezkoa, kontrariorik ez daukalako haur karreristen artean, eta Markel be ez da makala, entzun dodanez. Bixek jaso dabe zugandik bizitzan behar beharrezkoa izango daben energia pizgarria. Mireiak be jasoko eban indar-printza bat, gaixotasunak iraun daben bitartean kemen apartekoa erakutsi dabelako, sosegua eta zentzuna galdu barik, beti zure ondo-ondoan. Erraz esaten da.

Nire energia zati bat be zeurea da, Atxili, alkarregaz egon ginen bakoi-tzean oparitu zeunstana, barru-barruan daroadana. Eta gauza bat esango deutsut, sinesten ez badeustazu be: Mireia, Markel, Egoitz eta zure senitarteko beste danak bizirik dagozan artean, zure lagunok bizirik gagozan artean, zuk energia oparitu eutsazun edonor bizirik dagoan bitartean, zu be bizirik egongo zara.

Aurrerantzean, nondik zabizen jakin gura dabenak, pentsa dagiala hortxe zagozala, gu danon baitan. Zorioneko gu, zu ezagutzeko pribilegioa eduki genduanok.