32, 34 eta 38 urteko hiru gizon atxilotu egin zituen pasaden astean Bilboko Udaltzaingoak Matiko auzoko etxebizitza batean lapurtzen saiatzeagatik.

Kaleko jantzitako udaltzain batek jo zuen alerta, atxilotuak zenbait ataritako ateak bortxatzen ahalegintzen ari zirela ikusi eta gero, Matiko auzoan. Bilboko Udaltzaingoari deitu, eta informazio zehatza eman zien. Horri esker, Udalaren Ikuskaritzako hiru patruila bertaratu, lapurrei ihes egitea eragotzi, eta ikerketa hasi ahal izan da.

Atxilotuak bi eskailera dituen atari batera sartu ziren, baina udaltzainek igogailuak blokeatu zizkieten eta oinez igo ziren, solairuz solairu. Hirugarren patruila, bitartean, atarirako sarrera zaintzen geratu zen.

Eskaileretatik igo ziren udaltzainen patruiletako batek, bederatzigarren solairuan, hiru susmagarriekin topo egin zuen, aurrez aurre, etxebizitza bateko atea bortxatzen saiatzen ari zirela. Autodefentsarako espraiak, eskularru irristagaitzak, gakordeak, eta mota desberdinetako sarrailak bortxatzeko sarrailagintzako tresna profesionalen hiru kit kendu zizkieten.

Udaltzaingoko Aginte eta Kontrol Zentroak susmagarriei buruzko informazioa eman zien udaltzainei, Schengeneko datu-basean Errumaniak hiru pertsona horiei buruz egindako ohartarazpen bat zegoela jakinaraziz.

Gauzak horrela, susmagarriak atxilotu zituzten.

Miribillako komisarian, Kriminalistika Orokorreko Ikuskaritzak hartu zuen kasua, eta ikusi zuen atxilotuen gauzen artean auto baten giltza zegoela. Ibilgailua ordu batzuk beranduago aurkitu zuten, lurpeko aparkaleku publiko batean.

Hurrengo egunean, autoa erregistratu zuten, atxilotuak eta haien abokatua aurrean zeudela. Poliziaren hipotesiarekin bat egiten zuten objektu berriak aurkitu zituzten udaltzainek: segurtasuneko sarraila-zilindro bat, praktikak egiteko; trokelatu gabeko giltzak, sarraila bat prestatu eta bumpinga egiteko; eta sarrera kontrolatzeko RFID giltzak, hurbiletik identifikatuta zabaltzen dutenak.

Kasuaren ikerketan zehar, sarrailagile profesionalen aholkularitza jaso du Udaltzaingoak, atzemandako materialaren funtzionamenduari buruzko xehetasun guztiak ulertzeko. Eta, hala, berretsi ahal izan dute objektu guztiak bumpingerako zirela —ateak zabaltzeko metodo bat da bumpinga, atea bortxatzen ez duena eta ixteko sistema kaltetzen ez duena—.

Aipagarria da, era berean, atxilotuek askotariko dokumentazioa zeukatela (aldean, eta erregistratutako ibilgailuan). Besteak beste, diru-paper ugari zeukaten, zazpi dibisa desberdinetakoa —seguruenik, indarra erabiliz etxebizitzetan egindako lapurretetan lortutakoa—.

Ikertzaileek lanean jarraitzen dute zenbait zantzurekin, atxilotuak Estatuko beste leku batzuetan ere jardun diren argitzen saiatzeko.