Kaleak alde batetik beste joateko bideak baino gehiago dira. Kaleak istorioz josita daude. Espazio publikoa hartzearen garrantzia azpimarratu, eta ezkutuan egon diren zenbait istorio argitara atera nahi ditu Memoria Eszenikoa izeneko proiektuak. Xedea da memoria historikoa ikuspegi sozial garaikide, eraldatzaile eta feminista batetik berreskuratzea. Horretako, asmoa da Iruñeko alde zaharreko kaleetan, XIX. mende bukaerako eta XX. hasierako zenbait gertakariren, ofizioren eta pertsonairen inguruko bisitaldi antzeztu gidatuak egitea. Antzerkia, memoria historikoa eta kalea uztartzen ditugu”, azaldu du Maia Ansa Diez de Urek, proiektuko aktoreetako batek. Maiatzean edo ekainaren hasieran hasiko dira bisitaldiekin. 

Ana Diez de Ure historialariak Iruñeko emakumeen historiaren berri aspalditik egiten dituen ibilaldi gidatuetan oinarritu, eta beste urrats bat eman nahi izan dute antzerkia gehituz. “Bisitaldi horiek antzeztu ahal izateko gogo handia zegoen”, azaldu du Ansak. Historialariaren lana Ellas. Las mujeres en la historia de Pamplona [Iruñeko Udala, 1998] liburuan oinarritzen da. Liburua argitaratu zenean proiektuan parte hartu duten asko, tartean Ansa, haurrak ziren. Horregatik, Ansak lotura “berezia” dauka liburuarekin: “Polita izan da liburua berreskura-tzea, eta gure ekarpena egitea urte luzez egindako ikerketei”. 

Sei geldialdi izanen ditu bisitaldiak. Lehenengoan, 0 eszenan, proiektua azaldu, eta kokaleku horretako zenbait informazioa emanen dute. Gainerakoetan, istorio bana kontatuko dute. Istorio batzuek protagonista bakarra izanen dute, eta beste beste batzuek bat baino gehiago. Bertan jorratzen dituzten gaiak gertaera “tragikoak”, “gogorrak” eta “delikatuak” dira. Horregatik, sortze prozesuan “errespetuz” jokatu nahi izan dute: “Zenbait gertaeretan oinarritu gara, baina gero fikzioa sortu dugu. Beti ere, kontuan izanik gai hauek jorratzeak gizartean duen eragina”.

Ana Diez de Ure historialaria, ‘Ellas’ liburua eskuan. Memoria eszenikoa

Ez dute aukeratu dituzten gaien inguruko informaziorik eman; izan ere, uste dute “politagoa” dela poliki-poliki eta bisitaldian barna gauzak deskubritzen joatea. Gertakariak, pertsonaiak eta ofizioak aukeratzeko irizpide zehatzik jarraitu ez duten arren, ikuspegi politikoa, istorioen arteko lotura eta istorio bakoi-tzarekiko duten interesa kontuan hartu dituzte. “Gauza asko deskubritu ditugu bidean, eta horren arabera aldaketak egin, eta erabakiak zehazten joan gara”, azaldu du. Sor-tzaileentzat momentu honetan interesgarrien diren istorioak aukeratu dituzte, eta aurrerago landu nahiko lituzkeen beste batzuk kanpoan gelditu dira. Istorio edo pasarte batzuk ezagunagoak diren arren, beste ba-tzuk ezezagunekoak dira: “Ezkutuan izan diren zenbait istorio argitara ekarriko dituela pentsatu nahi dut”. 

Horretarako kalea hartu, eta Iruñeko karriken inguruko beste begirada bat eskaini nahi dute. Ansarentzat garrantzi “berezia” eta “izaera politikoa” dauka horrek: “Kalean egitea espazio publikoa hartzea da, eta beste esanahiez zipriztintzen ditu kaleak. Orduan, kaleak ez dira soilik alde batetatik bestera joateko bideak, baizik eta istorio propioak dituzten txokoak”.

Kolektiboan sortutako lana Duela urte bete luze abiatu zuten lana, eta dokumentazio eta ikerketa “lan handia” egin dute: “Dokumentazio lana ez da inoiz amaitzen; beti egongo gara eguneratzen eta proiektua moldatzen”. Diez de Urekin batera, sailkapen moduko bat egin, informazioa sakon aztertu dute poliki-poliki istorio bakoitza nola eta nondik kontatu eta zer-nolako lotura duten aztertzeko: “Gustatuko litzaidake antzerkiak transmisioan duen garrantzia aitortzeko lagungarria izatea”. Horrez gain, beste aditu ba-tzuekin kontrastatu dute informazioa: “Diez de Urek, eta beste egile batzuek egindako lanaren ondorioa da jaso duguna; horregatik, pertsona horien lana eta ekarpena eskertu eta nabarmendu nahi dugu”. Horrez gain, proiektuan parte hartu duten beste pertsonen lana ere aitortu nahi izan du; hala nola, Alicia Otaegui zuzendari artistikoaren eta Ainhoa Ruiz diseinatzaile grafikoaren lana. 

Autofinantzatutako proiektu bat denez proiektua sostengatzea eta aurrera ateratzea “zaila” izan dela nabarmendu du Ansak: “Baliabide urriekin lan egin dugu”. Horrez gain, bi hilabeteko egonaldi artistikoa egin dute Nafarroako Antzerki Eskolan. Halere, esperientzia “pozgarria, aberasgarria eta hunkigarria” izan da: “Lan handiko hilabeteak izan dira, eta orain testuak irakurtzen ditudanean hunkitzen naiz eta sentimendu asko loratzen dira”.

Emakume eta genero disidenteen artean sortu dute proiektua: “Zenbait sortzaile feminista elkartzeko eta beharrezkoak ziren espazio seguruak sortzeko aukera eman digu”. Horrez gain, pasarte “interesgarriak, gogorrak eta itxaropen-tsuak” ezagutzeko aukera izan dute: “Erresistentzia pasarteak dira, eta horietako batzuk ez dira oso ezagunak, baina justiziagatik ezagunak izan beharko lirateke”. Bizipen horiek kalera ateratzeko gogoz dago: “Pertsonaia jator eta kutun horiei merezi duten lekua itzuli nahi diegu”.