Aritz Lasarguren Otzerinjauregi (Durango, 1987). Ingeniari informatikoa da ofizioz eta dantzaria afizioz. Euskal dantza tradizionalean hasi zuen bere ibilbidea; hain justu, Durangoko Kriskitin eta Donostiako Goizaldi dantza taldeetan.

Bizkaiko aurresku txapelduna izan zen 2012an, eta dantza garaikidean formazioa jaso zuen Errenteriako Kukai dantza konpainiaren eskutik. Bestalde, Kukai dantza konpainiak Oreka TX musika taldearekin sortu zuen Hostoak ikuskizunean interprete bezala dantzatu zuen bizpahiru alditan.

2018an, aldiz, Plateru ikuskizuna sortu zuten, eta Lasarguren bera izan zen horren sortzaileetako bat. Ondoren, dantza garaikidean formazioa jaso zuen Matxalen Bilbao dantzari, zuzendari eta koreografoaren eskutik eta gaur egun ere badabil formazioa jasoten; kasu honetan, Bagara kolektiboaren eskutik. 2018. Urteaz geroztik, Gipuzkoako Tio Teronen Semeak dantza konpainiako kide da.

Azken urteotan, gainera, arte digitalen mundua uztartzen ari da ofizioa eta afizioa konbinatuz. Hala, teknologia berriak dantzarekin batera uztartuz, 2021ean Bagara kolektiboaren i[n]tera[k]zio ikuskizunaren sorkuntzan parte hartu zuen. Oraintsu, gainera, aski zabaldu den 21.Korrikako bideoklipean parte hartu du Durangoko dantzariak.

Aritz Lasargurenen kultur gomendioak

Musikari bat: Amorante. Nire crush musikala da. 

Abesti bat: Lore Ta Laban (Nabar).

Dantzari bat: Garazi Etxaburu.

Dantza talde bat: Bilaka kolektiboa (Baiona).

Liburu bat: Siddhartha (Hermann Hesse).

Ikuskizun bat: Kenophobia (Osa + Mujika).

Telesail bat: Utopia (bertsio britainiarra).

Kultur espazio bat: Pabilloi 6 (Bilbo).