Play botoia sakatu eta entzulearen belarriak gitarra, baxua eta bateriaren doinuetan murgiltzen dira, bedera-tzi abestiz osatutako diskoak zabaltzen duen mezuei indarra emanez. Arrasateko (Gipuzkoako) Iskanbila Oi! taldea bueltan da, eta disko berria kaleratuta berragertu dira: Bizimodu baten historia. Taldearen jaioterriko gaztetxean aurkeztu zuten azken lana urtarrilaren 13an, kanta berriei eta zaharrei bizia emanez.

Iban, Txiri, Gotzon, Txaka, eta Lapo lagunek sortu zuten Iskanbila taldea, 1990. urtean, Arrasaten. Iban Gonzalez abeslariak adierazi duenez, hasiera batean gitarra parteka-tzen, bateriarik gabe eta anplifikadore txiki batekin hasi ziren. Instrumentu falta zela-eta, diru bilketari ekin zioten: “ Arrasateko aldizkaria buzoietan banatu eta festetako txosnak muntatzen genituen”. Instrumentuak lortu zituzten, eta, horrekin batera, beraiek nahi zutena; musika jotzea. Orduan, baina, ezbehar batek kolpatu zuen taldea: Txiri, garai hartako taldeko abeslaria zena, istripu batean hil zen. 

Istripu horren ondoren, taldekide batzuk taldea utzi zuten, haien artean, Gonzalezek berak. Dena den, musikarekin zuen harremana mantendu egin zuen. Urteak aurrera egin ahala, taldekideak aldatzen joan ziren. Gonzalezek dioenez, Iskanbilaren “bizkarrezurra” Gotzon eta Lapo dira: “Iaz nigana etorri ziren ea abestera animatzen nintzen galdetuz”. Hala, Iskanbila taldea berriz elkartu zen, azken hamar urteetan gitarra jotzen zebilen Jonnyrekin eta Jabo baxu jotzailearekin batera. 

Iskanbilak aurrera egin duen arren, Txiri lagunaz beti oroitzen direla aitortu du Gonzalezek: “Urte guzti hauetan egindako kontzertuen hasierak berdinak dira: Txiriri kontzertua eskaintzen diogu”. Halaber, Iskanbilaren logo berrian ere egin diote abeslari ohiari keinu. “Txiri garai hartan gurasoekin bizi zen, eta, bere amak xerrak prestatu zituen”, oroitu du abeslariak. Sardexka eta labanarekin jolasten hasi zen orduan Txiri, xerrei Dr. Martens boten forma emanez. Hortik, botak marraztu zituen, eta hori da, hain zuen, egungo Iskanbilaren logoa. 

Lehendik grabatu gabe geratu ziren kanten emaitza da Bizimodu baten historia. Berriro ere musika jotzeko espazioa bereganatu dute, eta hortik disko berria grabatzearena. Gonzalezek aipatu duenez, taldearentzat zirraragarria izan da berriro ere itzultzea: “Guretzat kontzertua ez da helburua, guretzat entsegu bat helburu bat da; beti disfrutatzen ditugu entseguak lagun artean, barruan daramagun zerbait da”.

Diskoko kanten artean, Leher Dadila Iskanbila dago, Sham 69 punk taldearen If The Kids Are United kantaren bertsioa. “Guretzat hasieran inspirazio iturri ziren talde horien artean Sham 69 zegoen”, azaldu du Gonzalezek. If The Kids Are United abestia taldearentzat himno bat da, elkartasuna aldarrikatzen duelako: Elkarrekin gehiago gara.

Sham 69 taldeaz gain, The Business edo The Crack taldeak izan dira Iskanbilaren erreferenteak eta haiekin jotzea lortu dute: “Haiek mugimendu baten parte eraikitzaileak izan dira, Sex Pistols edo The Clash diren bezala, eta Sham 69 ere maila berean jartzen dugu”.

Erreferenteen hastapenetatik gaur egun arte musika arloan aldaketa nabarmena egon da. Gonzalezek, baina, garaiak aurrera joan behar direla eta beti hobetzeko ahaleginak egin behar direla uste du; helburua lan baldintzak hobetzea eta pertsonen arteko berdintasunaren alde borrokatzea izanik. 

Iskanbilakoak kontzertu batean; Gonzalez, ezkerrean. Peio Goienetxea

Estiloak ere aldatu dira, eta egungo globalizazioak eduki duen eraginarekin lotu du, reggaetonak eta autotuneak mundu lana “besarkatu” dutela iritzita. Taldekoak “klasikoagoak” direla aipatu du: “Rocka gustatzen zaie, elkartzea eta elkarrekin instrumentuak jotzea eta zerbait sortzea dakarrelako. Daukagun grina eta amorru guzti hori musikaren bitartez transmititzea gustatzen zaigu, hainbat gauza aldarrikatzen saiatzea”. 

Kontzertuetara neska-mutil gazte asko joan arren, testuinguruaren aldaketaz ohartu da abeslaria: “Gu hasi ginenean, nagusiagoak ziren punkiak Euskal Herriko egoera gogor batean bizi ziren”. Izan ere, punka bidegabekeriei ematen zaion erantzun bat da Gonzalezen ustez; langabeziari, bidegabekeria politiko eta sozialari aurre egiteko bidea. “Kontzientziadun mugimendu bat da; gaur egun testuingurua askoz erosoagoa da, beraz, alde horretatik, punkak ez du hainbesteko zentzurik”. Hala ere, oroiminaren eta amorruaren aldetik punka “dibertigarria” dela azpimarratu du Gonzalezek. 

Testuinguru aldaketa horretan, musikaren eta negozioaren arteko harreman estua ikusten du Gonzalezek. Egungo helburua figurak sor-tzea, aretoak bereganatzea eta makro kontzertuak jotzea dela uste du; hain justu, Iskanbilak erabat gaitzesten duen hori. Horregatik uste du, betiko taldeak sartzen direla karteletan, beste asko kanpoan utziz. “Hori ez da nahi duguna; musika talde ezberdinak entzun eta nahasketak egitearen aukera eskuragarriago egon beharko litzateke”. 

Iskanbilako taldekideak eta musikaren mundua aldatu arren, punkak musikaz gozatzeko, egoera lazgarriak salatzeko, elkartasuna susta-tzeko eta berdintasunaren aldeko borroka bultzatzeko giltza izaten jarraitzen du askorentzat.