Formakuntzaz Ingeniari tekniko informatikoa da Busturian bizi den mundakarra, eta, egun, Maier Kooperatiban lan egiten du erosle bezala. Gaztetatik irakurle amorratua izan da; atletismoa eta telebista saioak ere, bere zaletasunen artean daude. Eleberri baten idazlea da: La vida es un tango, Gari. Alberdania argitaletxearekin kaleratu du aurten bere lehen eleberri beltza. Idaztetik aparte, korrikalaria eta atletismoko monitorea ere bada.

Musika talde bat: Hertzainak. Beti izan da nire soinu-banda gustukoena, beraien diskografia osoarekin gozatu dut beti.

Bakarlari bat: Eñaut Elorrieta. Abeslaria baino gehiago niretzat, poeta ere bada. 

Liburu bat: Montekristoko Kontea. Eraztunen Jaunarekinbatera, biak ala biak urte askotan nirekin egon izan direnak dira. Sarritan berrirakurri ditut. 

Idazle bat: Agatha Christie. Nerabezaroan irakurri eta gozatu nituen bere hainbat eleberri, eta iaz ere oraindik pare bat irakurri nituen.

Antzezlan bat: Pirritx, Porrotx eta Marimototsen edozein. Talde honek egiten duena txalotu baino ezin da egin, umeak maisuki entretenituz, baloreak irakatsiz… 

Film bat: Eraztunen Jaunaren trilogia. Agian, egongo dira film hobeagoak, baina niretzat magia dute hauek.

Telesail bat: Breaking bad. Gutxienez, hamar telesail etorri zaizkit burura, baina hau guztiz perfektua iruditu zitzaidan.

Kultur espazio bat: Vatikanoko museoak. Bertan egunak emango nituzke. Aho zabalik uzten nauen tokia da.