ERAIKITZEAR dagoen etxe batean, pelikula bat sortzeko lanean murgildurik dauden emakumezko aktoreen eta zuzendariaren arteko bizipena kontatzen du Lara Izagirreren azken lanak: Pelikula baten bila. Sororitatea erakusten duen sorkuntza kolektiboa da filmean ikus daitekeena. Ezohiko pieza da, “askatasunetik” sortutakoa, eta Euskal Zine Bileraren Sail Ofizialeko lehiaketan erakutsiko dutena.

Zer kontatzen du ‘Pelikula baten bila’ filmak? 

Esperientzia bati buruzko lana da. Bizipen bat erakutsi nahi du, ez du istorio zehatz bat kontatzen. Emozio bat edo bizipen bat elkarbanatzen du. 

Pelikula baten sortze prozesua irudikatzen du. Zergatik erabaki duzu prozesu hori kontatzea?

Pelikulak egin izan ditudanean, beti pentsatu izan dut horiek egitearen gauzarik politena ez dela filmetan ikusten, grabatu gabe gelditzen dela. Hori dela eta, esperimentu bat egitea erabaki genuen: aktoreekin etxe batera sortzera sartzea. Helburua ez zen pelikula bat sortzea, filmaren sorkun-tzan ibiltzea baizik. Filmak sorkun-tza lan horren eguneroko bat konta-tzen du; oso gertutik grabatu dugu.

Fokua ez dago sortzen ari zareten horretan jarrita, elkarlanean sortzen ari zaretela erakustean baino. 

Sortze prozesuan publikoa izatea ze indartsua den erakutsi nahi nuen. Oso polita da ikustea batzuk lanean ari diren bitartean besteek zelan sostengatzen dituzten. Hori da zuzendariok beti bilatzen duguna, publikoarekin konektatzea, eta film honetan hasieratik betetzen da helburu hori. Gu ginen publikoa eta gu ginen sortzaileak.

Lara Izagirre zinemagilea, film laburraren zuzendaria Gariza Films

Zer bilatu duzu?

Pelikula hau sortzeko ikastaro bat antolatu genuen, eta 120 emakumek izena eman zuten. Orduan konturatu nintzen lan egiteko, sortzeko eta antzezteko beharra zegoela. Izan ere, aktoreek proiektuka lan egiten dute, batzuetan bakarrik, eta niretzat ere arazoa bera da. Hala, ondo pasatzeko helburuarekin sortu zen lana, entrenatzeko eta egoteko. 

Grabaketen ohiko eredua irauli duzu, eta istoriorik gabe, sortzeko askatasuna eman diezu aktoreei.

Pelikula ez da erantzun bat, pelikula galderak sortzeko ikus-entzunezkoa da. Ikusten dena sortzaileen bizitzaren parte bat da, baina ez da horren erreala. 

Zergatik?

Galdera izan beharko litzakete: Zergatik sortu behar izan dugu proiektu bat sortze prozesuan emakumeok aske sentitzeko eta euskaraz aritzeko? Sortu dugun espazio hori utopia bat baita. Frogatu nahi nuen emakume batzuk etxe batean sortzera sartuz gero, erraza zela zerbait polita sor-tzea errespetutik, babesetik eta inor mindu gabe. Hori erakusten duten sekuentzia ezberdinak ageri dira filmean. Horrez gain, garrantzitsua iruditzen zitzaidan zerbait lortzen ez dugunean gertatzen dena erakustea. Lanean momentu oro gara epaituak, eta garrantzitsua iruditzen zitzaidan aktoreak aske sentitzea. 

Sorkuntza kolektiboa landu, ikusarazi eta zabaldu nahi izan duzu?

Ohiko ikus-entzunezko pieza baten guztia utzi dugu kanpoan. Ez genekien zer egingo genuen. Araua ondo pasatzea zen, zerbait sortzea, zerbait hori zer izango zen jakin gabe. Horrek aktoreei askatasunetik eraikitzeko segurtasuna eman zien. Izan ere, beti gaude helburuari begira, eta egia da batzuetan beharrezkoa dela, baina prozesuari ere merezi duen balioa eman behar zaio. Prozesua bizitza da, eta lanean gaudenean bizi-tzen ari gara.

Ahalduntze ariketa bat ere izan da?

Askotan gure buruari galdetzen diogu ea merezi duen emakume artean sortzen ibiltzeak, egongo ote den zerbait berezia horretan. Eta ikusten duzunean baietz, badagoela, konturatzen zara merezi duela. Merezi du lanean ziur sentitzeak. Aktoreek euren gorputzekin, emozioekin egiten dute lan, eta hori zaindu behar da. Filmeko etxe hori babes toki bat izan zen. Epai guztiak kendu genituen eta gure burua deskubritu genuen beste leku batean, benetakoa zen toki batean. Un otoño sin Berlin onartzeari buruzko pelikula zen, Nora ausar-tzeari buruzkoa eta hirugarrena emakume askeei buruzkoa izatea nahi nuen. Eta ohartu gabe, izaera aske hori dauka Pelikula baten bilak.

Horrelako piezak izatea garrantzitsua da zinemagintzan emakumeen artean sororitatea existitzen dela ikusteko? 

Industrian egoera deserosoak bizi ditugu emakume izate hutsagatik bakarrik, eta bagabiltza erosoago eta babestuago lan egiteko sareak sor-tzen. Saretzen ari dena ez da mugimendu antolatu bat, baina badaude lan egiteko beste era batzuk erakusten dituzten filmak. Bagabiltza lantaldeetan emakume gehiago sartzen eta horiei ardura handiagoa ematen. 

Talde lana irudikatzeaz gain, euskara ere bada filmeko protagonista.

Emakumeontzat zaila da edozein hizkuntzatan ibiltzea, euskara ekuazioaren barruan sartuz gero, zailtasuna areagotu egiten da. Euskaraz gauza asko egin daitezkeela erakutsi nahi nuen. Hizkuntza ez dela ezeren muga erakutsi nahi nuen, askatzen gaituen zerbait baino. 

Zure lanik pertsonalena al da?

Oso lan pertsonala da, ni beti saiatzen naizelako horrelako espazio seguruak sortzen. Beti ezin da hori egin, baina bada nire egiteko eran presente dagoen zerbait. Nirekin lan egiten duten aktore eta talde teknikoetako kideak horrela sentitzea nahi dut; saiatu behar gara lasaitasunetik eta askatasunetik lan egiten.

Euskal Zine Bileran gaur ikusiko da filma. Topagune garrantzitsua da euskarazko zinema bultzatzeko?

Garrantzitsua den elkargunea da, eta horrelako esperimentuentzako leku segurua. Euskarak filmean zein zinemagintzan daukan garrantzia uler-tzen da horrelako espazioetan, non euskara den betebeharreko araua eta ez arautik irtetzen dena.