Iban Garcia Azpiazu youtuber, influencer eta bideo blogari azkoitiarra da. Ikus-entzunezko ikasketak burutu dituen 24 urteko gazteak ibilbide luzea du eduki sortzaile gisara; 2012an hasi zen bideoak Youtube plataformara igotzen, eta, geroztik, ez du etenik izan bere ibilbideak. Youtuben ez ezik, Instagram, Tik Tok eta Twitter bezalako beste sare sozialetan ere ikus daitezke berak ideiatu, sortu eta editatutako bideo erakargarri bezain entretenigarriak.

Ekin eta ekin aritzearen ondorioz, bere lekua aurkitu du, Tik Token 2 milioi jarraitzaile baino gehiago, Instagram kontuan 190.000 jarrai-tzaile eta Youtuben 287.000 harpidedun izateraino. Aurpegi ezagun bilakatu da Iban Garcia, ez soilik Interneteko plataformetan, baita telebistan bertan ere: ETBko hainbat saiotan eta Telecinco kateko Supervivientes, Sobreviviré, Pesadilla en el Paraiso eta Sálvame bezalako programetan parte hartu baitu.

2020.urtean, Mediaset-eko Mtmad multimedia plataforman bere lehenengo bideoak igotzen hasi zen. Egun arrakasta handia duten podcasten munduan ere sartu du muturra azkoitiarrak, bere eduki propioa sortzeko aukera izanez. Isilean iritsi zen Iban, baina, dirudienez, luzaroan iraungo du bere ahotsak. 

Abesti bat

Avicciren Wake Me Up. 13 urte inguru nituenean, musika elektronikoagoa deskubritzen hasi nintzenean Avicciren abesti hau izan zen entzun nuen lehena. Gogoan dut udara batean abesti horrekin egunero bueltan ibiltzen nintzela. Geroztik, nire abestirik gustukoena da.

Musika talde bat

Nil Moliner. Egiten dituen abesti guztiak ditut gustuko; freskoak dira, umilak, baikorrak… Gainera, zoragarriak dira kanta horiek biltzen dituzten mezuak. Oso pertsona baikorra da bera, eta energia ona transmititzen dit. 

Liburu bat

Ez naiz liburu zalea, uste dut irakurri nuen azken liburua DBHn izan zela; bereaz, imajinatu egoera. 

Antzezlan bat

Grease musikala. Ikusi dudan azken musikala izan da; Madrilen ikusi nuen eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Gainera, haurra nintzela eskolan abesti mitiko hori dantzatu genuen, eta egun hartako argazkia daukat; oroitzapen politak dakarzkit burura. Antzezlanak baino gehiago gustatzen zaizkit musikalak, orokorrean. 

Telesail bat

Heartstopper. Oraintsu ikusi dut bigarren denboraldia eta asko gustatu zait; batez ere, identifikatuta sentitzen naizelako bertan kontatzen duten istorioarekin. Elkar maitatzen duten bi mutilen istorioa da, zeinetatik batek ez duen homosexuala denik esaten, ingurukoek esango dutenaren beldur. Polita eta emozioz betetakoa da telesaila.

Kultur espazio bat

Tabakalera. Gehien joan izan naizen kultur espazioa dela esango nuke. Gainera, hainbat ekitaldi aurkezteko aukera izan dut bertan. Maitasun handia diodan kultur espazio bat da.

Telebistako aurkezle/kolaboratzaile bat

Belen Esteban. Uste dut telebista munduan grazia gehien egiten didan pertsona dela; asko gustatzen zait berak daukan hitz egiteko modua eta freskotasuna. Euskal Herrian, aldiz, Mikel Elizegi ere asko gustatzen zait; bere izateko modua, hitz egiteko era… Grazia asko egiten dit.