Itsasoa da bide bakarra da Ines Osinaga musikari eta kantari arrasatearraren bakarkako lehen lana. Kantu berriak jaso ditu bertan, eta berriztutako beste zenbait ere. Halaber, aspaldi abestu gabe zituenak kantatzeko baimena ere eman dio bere buruari kantari eta musikari gipuzkoarrak. Bere bidetik abiatu den istorio bat kontatzen du, baina oso unibertsalak diren gaiei buruz hitz eginez. Ez da disko bat kaleratu duena, baina disko bat ere bada. Dena delakoa, baina benetan egin nahi izan duena egin du lan honetan.

Zer da ‘Itsasoa da bide bakarra’ lana? 

Itsasoa da bide bakarra nire bakarkako proiektu bat da, pertsonala bezain kolektiboa. Disko bat da, baina ez da disko bat bakarrik. Ni musikaria naiz eta musika erabiltzen dut gauzak kontatzeko, baina musikatik gehien gustatzen zaidana ez da musika egitea. Alegia, fokoa ez dago jarrita nire anbizio musikalak betetzean, edo musikalki distiratzean, fokua dago jarrita kontakizunean, kontatzean bidaia eta kolektibizatzean zauriak. 

Nondik sortzen da?

Duela urte bat hasi zen gorpuzten proiektu bezala Itsasoa da bide bakarra, nire bizitzako erdigunean sorkuntza jarri nuenean, eta iruditu zitzaidanean baneukala gogoa plazara ateratzeko nire ahotik kontatzen eta kantatzen zen kontakizun bat. Baina ez nuen egin nahi ezer gertatu izan ez balitz bezala. Alegia, azkenengoz Goseko Ines hura eszenatokitik desagertu zenetik gauza asko gertatu izan zaizkit: zeharkatu nau amatasunak, zeharkatu nau bizitzak, zeharkatu nau heriotzak, zeharkatu nau depresio batek, zeharkatu naute abortuek, zeharkatu naute doluek… Horri distantzia batetik eta doluaren beste alde batetik begiratu ostean, kantatu nahi nion bidaiari, bideari eta, batez ere, aldaketari; aldaketari gorazarre bat da Itsasoa da bide bakarra. 

Musika kubatarrarekin disko bat egitea baino, bidaia bat egitea izan da arrasatearraren helburua, distantzia jartzea, eta kantuak beste era batera jaiotzeko aukera ematea bere buruari.

Musika kubatarrarekin disko bat egitea baino, bidaia bat egitea izan da arrasatearraren helburua, distantzia jartzea, eta kantuak beste era batera jaiotzeko aukera ematea bere buruari. Jone Albeniz

Zein bidaiari nahi zenion kantatu?

Kubara egindako bidaiari. Kuban egin nuen erresidentzia artistiko bat, zeinetan partekatu izan nituen sortzeko espazioak Kubako beste emakume musikari batzuekin. Disko hau eginda dago guztia emakumeekin; musikari denak emakumezkoak gara, nahiz eta salbuespentxoren bat edo beste dagoen, baina ez dago gizonezko zuri zis heterorik. Hori izan zen nire fantasia: nire ertzetara begiratu eta bestelako sinergia batzuk sortzea. 

Diskoan, euren artean oso ezberdinak diren abestiak jaso dituzu.

Bide anitzak jorratzea gustatzen zait, eta ez diot uko egin nahi batari edo besteari. Disko fisikoan, esaterako, alde bakarra dago, eta beste ordena bat dauka, baina, digitalean banatu egin nahi izan ditut kantuok: A aldea, B aldea eta gero beste batzuk, nolabait esateko disko fisikoan lekurik ez daukatenak baina nahi nituenak argitaratu. Diskoaren alde batean iraganera bisitatzea ahalbidetzen du beste leku batetik; sormenezko hipotesia zen: “Nolakoak izango lirateke abesti hauek hain zuriak ez baldin badira?”. Egia da oso kubanoa dela, organikoa, oso sustraietako musikara begirakoa. Beste aldean, berriz, bidaiak berak eman dizkidan gauzak adierazten ditut, eta, momentu honetan, agian, nire ezinegon artistikoek gehiago dute horretatik: askoz elektronikoagoa, gehiago ekoiztutakoa… Benetan egin dut nahi izan dudana lan honetan, eta iruditzen zait sortzaile batentzat sekulako garaipena dela hori. 

Artista askok izaten dituzte beste batzuen kolaborazioak, baina zurean, jende asko izan duzu ondoan.

Jende asko izan dut, bai, eta, gainera, nire erronka izan da nolabait algoritmoari tranpa egitea. Oso zaila da hori, baina nik badakit Eme Alfonso eta Ines Osinaga algoritmoak ez zituela inoiz batuko, inoiz ez. Egia da egun kolaborazioak oso modan daudela eta ulertzekoa da. ikusgarritasuna partekatzeko modu bat delako, batez ere. Eta horrek bat egiten du azken bi urteetan nire sorkuntzan motor izan den ideia batekin: ikusgarritasuna partekatzearena, sorkuntza kolektibizatzearena, plazan elkarri lekua egitearena eta autoritatea ematearena elkarri. Hori da momentu honetan sortzerako garaian eta musika egiterako garaian nire pultsurik indartsuena, ez hainbeste estetikoki polita den zerbait lortzea, nahiz eta gauza batek ez duen bestea kentzen. Nire helburua ez da izan musika kubatarrarekin egitea disko bat; nire helburua izan da bidaia bat egitea, distantzia jartzea, eta kantuak beste era batera jaiotzeko aukera ematea nire buruari. 

“Proiektu honetan fokua dago jarrita kontakizunean, kontatzean bidaia eta kolektibizatzean zauriak”

Eta Kubak eman zizun horretarako aukera.

Gauza askorengatik Kuba bazen herri bat horretarako baldintzak ematen zizkidana. Nire helburua izan da baita Kuban hegemonikoak ez diren beste artista batzuen inguruko ikerketa egitea, afro musikarekin lotuta daudenak edo… Nola bizi da Kuban feminismoa? Nola da Kuban izatea emakume musikaria? Non egin zuten topo nire amamen amamen doinuek eta beraien amamen amamen doinuek? Konturatu baikara erritmo afro-kubatarren oinarrizko erritmoak eta euskal sustraidun kalejira baten erritmoak oso bat egin dutela pultsuan. Hor badago ikerketa bat folkloreetara. Inoiz baino folklorikoagoa sentitzen naiz momentu honetan eta inoiz baino elektronikoago. 

Kolaborazio asko izan dituzu, baina zure lana da, zuk ekoiztutakoa.

Ez da lehen aldia nik ekoizten dudana, baina bada lehen aldia nire buruari aitortzen diodana ni naizela lan honen ekoizlea. Hala, lehenengoz nire buruari jarri diot ekoizlearen izena, eta nireak izan dira erabakiak: kantu askotan nire ahotsa zegoen, trikia zegoen, eta nire erabakia izan da ez egotea, beste batzuetan, ordea, nire erabakia izan da beste bat… Momentu honetan, gustatzen zaidan leku bat da ekoizlearena, eta lan honetan leku hori hartu nahi nuen. Helburua ez da izan nik distiratzea, helburua izan da egitea leku bat denok distiratu dezagun elkarrekin. 

Ez da disko bat, baina disko bat ere bada. 

Egia da nire helburua ez zela abestiak sortzea, estudiora joatea eta diskoa ateratzea. Helburua hori balitz, aterako nukeen ziurrenik 4 abestiko EP bat edo lau single edo… Baina niri interesatzen zitzaidan narratiba kontzeptuala; interesatzen zitzaidan kontatzea bide bat, interesatzen zitzaidan ikastea beste bide batzuk… Egia da disko bat ere badela, ze ni musikaria naiz eta musikatik eta musikaz kontatzen ditut gauzak, baina proiektu osoago bat da. Ez da disko bat kon-tzertuak egin ahal izateko, liburu kantatu bat bezala da; ez da liburu bat ez naizelako idazlea, baina bai gustatzen zait formatua hackeatzea: disko bat ez den disko bat egitea, liburu bat ez den liburu bat egitea… Libreta bat da, gomatxo bat jarri diot, kerpa gorritxo bat jarri diot eta horrek errepresentatzen du Julene Gregoriok shooting baterako egin zidan soineko gorri bat… 

Argazkian, Ines Osinaga.

Argazkian, Ines Osinaga. Jone Albeniz

Arteari ere eman diozu espazioa…

Arteari eman nahi nion garrantzia, Iker Gozategirenak dira argazkiak, Laida Zaprerena da arte zuzendaritza… Esploratu egin nahi nuen estetikarekin, nahi nuen esploratu nire iruditeria lurreratzearekin. Ikerren argazkietan, esaterako, nik edertasuna ikusten dut baina baita ikusten dut mina, gordintasuna, zaurgarritasuna… Eta hortik nahi nuen hitz egin. Ez nuen nahi hitz egin hainbeste urteren ostean, disko bat atera eta ezer gertatu ez balitz bezala, ze urte guzti hauetan gertatu zaizkit gauzak oso gogorrak direnak. 

Señora bat bezala bueltatu naiz plazara, 40 urte ditut, jada ez naiz orduan nintzen gazte neska hura… Aldarrikatzen dut neska gazte ez garenean ere gure espazioa plaza publikoan. Neska gazte promesa garenean eta oraindik argal, eder eta inozente garenean sistemak uzten digu lekutxo bat, txikia bada ere eta borrokatu behar badugu ere. Baina bai sentitzen nuen berriz egin behar nuela borroka nire borroka batean. Nahi nuen argazkietan eder agertu, nahiz eta ez agertu polit. Batzuetan, sistemak eta kultur industriak eta ekosistema basati guzti honek gogorarazten dit ez naizela “musikari arrakastatsu” bat, ez dudalako irudikatzen suposatzen den arrakasta hori. Eta batzuetan nire burua desaktibatu behar dut, batzuetan harrapatzen dudalako nire burua desiratzen horrelako arrakasta bat, baina jada ikasi dugu hori ez dela nahi dudana.

“Señora bat bezala bueltatu naiz plazara, 40 urte ditut, jada ez naiz orduan nintzen neska gazte hura...”

Biluztu egin zara lan honetan. Nola sentitzen zara?

Iruditzen zait zauriak publiko egiteak ez duela sendatzen, baina bai besarkatzen dituela beste batzuen zauriak. Alegia, nik ez dut egiten hau terapia bezala; terapia egiteko terapiara joaten naiz. Konpartitu dezaket hau terapia egin dudanari esker, baina bai iruditzen zait horrelako kontakizunak kolektibitzatzeak zerbait gaizki egiten dugunaren sentsazioa kendu ahal digula: alegia, niri gertatu izan zaizkidan gauza asko zuri ere gertatuko zaizkizu. Eta hori partekatzeak erakusten digu badugula lekua, eta ondo dagoela, nahiz eta bizitzak mina eman. 

Baduzu beste proiekturik esku artean?

Badauzkat proiektu zoragarriak mahai gainean; pertsonalagoak, kolektiboagoak, ez bakarrik nireak… Loraldian egingo dugu plaza ekintza bat Bilboko Azkuna Zentroan eta hori gaude prestatzen; gero, Joseba Sarrionandiarekin banabil Katuen kontuak plazan eskaintzen; bagaude urte bukaeran estreinatuko den emanaldi artistiko katxarro berezi bat sortzen… Gauza askotan nabil sortzen; sentitzen naiz oso busybizi, alegia, okupatuta eta bizi.