CRISTINA Osés soziologoak biribil adierazi zion lehengo igandean Diario de Noticias-i: “Euskarak aitzina egin dezan, praktikak eta diskurtsoak aldatzen hasi beharko dira”. Cristina Osések ongi ezagutzen du Erriberako giroa, hango gazte mugimenduari lotu-loturik baitago. Bertatik bertara jasotako eskarmentua eramanen du, mahai inguru bateko parte-hartzaile gisa, Euskaltzaleen Topaguneak bihar Iruñeko Kondestable jauregian antolatu dituen jardunaldietara. “Gero eta aldeko gehiago”, horra topaketen izenburua. Laburbide bat, geure buruari galdetzeko: Zer egin behar dugu Nafarroan euskarak gero eta aldeko gehiago izan dezan? Ez da desira abstraktu bat, hil ala biziko kontua baizik. Ez dugu Amerika deskubrituko: euskararen aldeko jarrerak nekez aurkitzen du sarbiderik nafar gizartearen puska handi-handi batean, non ezaxolatasuna edo, bertzerik gabe, kontrako ikuspegiak nagusi baitira, inkesta eta azterketa soziologikoek berresten dutenez. Itsu batek ere ikusten du horrek nolako traba ekartzen duen euskara bultzatzeko neurriak eskatzeko, defenditzeko, ezartzeko eta gizarteratzeko tenorean, eguneroko eztabaida sozial eta politikoak nabarmen uzten duenez. Hain zuzen ere, kezka horrek ziztaturik abiarazi du Topaguneak oraingo jardunaldietaraino eraman duen ekinbidea. Bi urteko lana izan da, dozenaka lagun askotarikoen iritzi eta ekarpenekin ondu dena. Gogoeta kolektibo horren emaitzak zipriztinduko du biharko mintzaldien lerro artea. Erran izan da lehenago, eta errepikatzea komeni: ez gara aski, ez gara behar bezainbat. Euskararen aldera jende gehiago erakartzeak lehentasuna izaten segitu beharko du esparru guztietako euskaltzale mugimenduan, eta ezinbertzekoa, berriz, horretara egokitzeak oraindik halakotu ez diren diskurtso eta praxiak. Amore ematea da kontrakoa egitea.