Carmen Artaza mezzosopranoa Rubén Fdez Aguirrek pianoan lagunduta arituko da datorren asteazkenean, apirilaren 10ean, Arriaga Antzokian egingo den Lied Arriagan izeneko zikloaren barruan antolatutako emanaldi batean.

Kontzertu horretan, Ernesto Halffter eta Rodolfo Halffter anaiek musika dastatzeko aukera izango dute zaleek, XX. mendearen hasieran, Espainiara iritsi zen iraultza kulturalaren barruan paper garrantzitsua jokatu zutenak. Eta aldaketa horien ordezkari eta gertaleku izan zen Madrilgo Ikasleen Egoitza. Bertan, unibertsitarioak bizi ziren, eta diziplina-trukea sustatzea zuen helburu zentro hark, ikasketetako espezializazioak ezarritako mugen mehatxuaren aurrean.

Horrela, pentsio hotz eta bakartietatik atera ziren ikasleak, eta Albert Einstein, Manuel de Falla edo Stravinskyren bisitak jasotzen hasi ziren. Eraikinean bizi ez ziren gazteak ere erakartzen zituzten bisita horiek, hala nola Rafael Alberti edo Halffter anaiak, eta aktiboki parte hartzen zuten bertako proposamenetan. Hantxe sortu zen Zortzien Taldea edo Madrilgo Taldea, eta Ernesto Halffter eta Rodolfo Halffter konpositoreak haren parte izan ziren. Taldeak haize freskoa ekarri nahi zuen, eta musikaren kontserbadurismoari aurre egin; baina, dena bertan behera geratu zen, Gerra Zibilaren ondorioz. Rodolfo Mexikora erbesteratu zen eta ez zen inoiz itzuli. Ernesto Portugalera joan zen, eta, gerraren ondoren, itzulera “negoziatu” ahal izan zuen bere ondasunen bitartez. Errezitaldi honek bi konpositore bikain haien figurara eta obrara hurbilduko gaitu.

Lied Arriagan zikloa

Arriaga Antzokiak Lied Arriagan zikloaren bigarren edizioa antolatu du 2024ko urtarrila eta ekaina bitartean, iaz lehen edizioan ikusleek hain harrera ona egin ondoren. Naroa Intxaustik eta Aurelio Viribayk eman zioten hasiera zikloari urtarrilaren 24an eta bigarren emanaldia Javier Povedanok eta Rubén Fdez. Aguirrek eskaini zuten otsailaren 14an. Datorren astean, apirilaren 10ean, Fdez. Aguirreren teklek beste ahots bati lagunduko diote, Carmen Artaza mezzosopranoaren ahotsari, hain zuzen. Maiatzean, hilaren 8an, Adriana Viñuela sopranoaren eta Elisa Rapado pianistaren txanda izango da. Azkenik, Lied Arriagan zikloari amaiera emateko, Miren Urbieta sopranoak eta Rubén Fdez. Aguirre pianistak Sebastián Iradierren eta Jesús Guridiren konposizio atenporalak arakatuko dituzte. Ekainaren 12an izango da