Iñaki Beobide, Herri Gogoa diskoetxearen sortzaile, kultur eragile eta Euskaltzain urgazlea, atzo igandearekin zendu zen 89 urte zituela. Errenteriako Hilbeila Zentolengo beilatokian egongo da gaur, asteartea 11.30ak arte. 1934an Zumaian sortua, Beobide gazteetatik euskal kultura sustatzeko lanetan aritu zen. Ez Dok Amairuko kideekin izan zuen harremanaren ondorioz, Herri Gogoa diskoetxea sortu zuen 1967an. Zigilu horrekin euskal kantugintzaren berriztapenean zebiltzan autoreen lanak bultzatu zituen. Besteak beste, Herri Gogoak Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa eta Oskarbi taldearen diskoak argitaratu zituen.

Euskal musikaren munduan murgildu aurretik, 50. hamarkadaren amaieran, bere pasioa izango zen beste praktika bat hasi zuen: antzerkigintza. Donostiako Jarrai antzerki taldean ezagutu zituen Ramon Saizarbitoria, Xabier Lete, Arantxa Gurmendi eta Juan Antonio Arozena, besteak beste. Beobideren zuzendaritzapean, Jarrairekin euskal antzerkigintzaren gai eta moldeak berritu zituen.

ETBren sorkuntzaren hastapenetan ere ibili zen zumaiarra. Hartan, aholkulari lanetan ibili zen eta, gerora, ekoizle bezala ere jardun zen. 2011n Durangoko Azokak Argizaiola Sariarekin errekonozitu zuen Beobidek euskal kulturari egindako ekarpena.