Gaur estreinatuko da Bizkarsoro ikus-entzunezkoa Euskal Herriko lurralde guztietan. Filmak euskararen aurkako jazarpenaren eta euskaldunen biziraupenaren historia islatzen du. “Bizkarsoro herria ez da existitzen, eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonak dira, eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira bizkarsorotarrak”, dio laburpenak.

Josu Martinez bilbotarrak zuzendutako fikzioak euskaldunen bost istorio islatzen ditu. Zehazki, 1914tik 1982ra bitarteko pasarteak ahozko testigantzetan eta testu idatzietan oinarritutako fikziozko istorioak dira, eta bost hamarkadako kontakizuna osatzen dute. 1914an kokatutako pasartean emakume bat gutun baten esperoan bizi da. 1921an haurrek Anti izeneko makil baten bidez ikasten dute eskolan. 19 urte beranduago, 1940an, alemanen okupazioaren garaian, Francorengandik ihesi, Hego Euskal Herritik etorritako euskaldunak desagertzen dira. 1966an, berriz, lau gaztek hitz batzuk aurkitzen dituzte mendian lurperatuta eta azken istorioa 1982urtean kokatzen da, guraso talde batek bere haurrentzat euskarazko eskola bat sortzen duenean. “Mundu osoan, 6.000 hizkuntza desagertu dira historian. Mundua ikusteko 6.000 modu, 6.000 mundu. Horregatik, film hau, mapetan agertzen ez den herri batean kokatu dut, Bizkarsoron. Bost mugimenduko sinfonia bat bailitzan, filmean leku eta jende berdinak agertzen dira, garai ezberdinetan. Denek elkarrekin puzzle bat osatzen dute. Existitzen ez den herri baten sinfonia. Euskara jendearena”, adierazi du Martinezek.

Gauzak horrela, Euskal Herri osoan gogoeta eta eztabaida sozialerako balio duten emanaldiak eskaini nahi dira, proiekzioarekin batera filmaren mamiari buruz hausnartzeko. Izan ere, filma joan den mendean kokatuta egon arren, bertan kontatzen direnek ez dute gaurkotasunik galdu. “Gaur egungo nerabe bat identifikatzen da Bizkarsoron, eta euskarak jasan duen eta jasaten duen jazarpenari buruzko hausnarketak egitea du helburu”, defendatu du zuzendari gazteak.

ESTREINALDI BATERATUA

Aurtengo Donostiako Zinemaldian lehen aldiz proiektatu ondoren, Euskal Herriko publikoak filma ikusi ahal izango du gaur arratsaldean eta aldi berean zazpi lurraldetan estreinatuko da: Araban (Vitoria-Gasteiz, Florida - Guridi zinemak), Gipuzkoan (Tolosa, Leidor), Lapurdin (Baiona, Atalante), Baxe Nafarroan (Garazi, Le Vauban), Nafarroa Garaian (Altsasu, Lortia), Zuberoan (Maule, Maule Baitha) eta Bizkaian Durangoko Zugaza zineman izango da.

Zentzu honetan, Durangoko estreinaldia euskalgintzako eragileek babestuko dute eta bi emanaldi eskainiko dira. Gaurkoa areto nagusian arratsaldeko 18:30etan izango da eta emanaldiaren ondoren, Hibai Castro Egia argazki zuzendariarekin hitz egiteko aukera egongo da. Bigarren emanaldia, igandean 19:30etan izango da.