Kontrako testuinguruetan ere egitasmo berri eta iraunkorrak bultzatu daitezkeela frogatu zuen iaz, osasun krisi betean, jarraipena izateko xedez jaio zen Haziberri festibalak. Esperientzia positibo horri eusteko asmoz aurkeztu dute gaur, uztailaren 12an, Gernikako Europa Parkean 18:00etatik aurrera ospatuko den bigarren edizioa. Aurten, Idoia, Izaro eta Eñaut Elorrietak osatuko dute kultura eta jasangarritasuna ezaugarri nagusi dituen jaialdiaren kartela. Belaunaldi eta ibilbide ezberdinetako musikariek kontzertu akustikoa eskainiko dute atmosfera berezia sortzeko gaitasuna erakutsi duen ekimenean. Ikuskizunerako sarrerak salgai daude dagoeneko Haziberriren webgunean, 25 eurotan. Euria egingo balu, emanaldia uztailaren 13ra atzeratuko litzateke.

Antolakuntzako kide den Oier Plazak agertu duenez, aurreko edizioa baino lehen sekula ez zen tankera honetako kontzerturik egin Europa Parkean. “Esperientzia horrekin oso pozik geratu ginen; publikoaren berotasuna lortu genuen, espazioa eta bere ondarea balioan jarri genituen”, azaleratu du. Proposatutako helburuak lortu baino lehen, jasangarritasunaren aldeko apustu sendoa egin eta ikuskizunaren parte bilakatuko ziren eserlekuak, esaterako, hondakinak ziren artilearekin egin zituzten.

Azaldu duenez, pandemiatik eratorritako mugak desagertu arren, formatu berbera jarraitzeko erabakia hartu dute, nahiz eta aforoa pixka bat handitu: iaz 600 eserleku jarri bazituzten, aurten ez dira 1.000 baino gehiago egongo. “Espazio hau zaintzeko erabakirik onena dela uste dugu, ikuskizunaren balioa hor dago”, gaineratu du Plazak.

HIRU MUSIKARI GARRANTZITSU

Arlo musikalari dagokienez, iaz Maren eta Gatibu izan zituen festibalak belaunaldi ezberdinetako artistak elkartzeko apustua berretsi du. “Kartel berezia da, izen handiekin, gaur egungo eszena musikalean sekulako pisua dutenak”, iritzi du antolakuntzako partaideak. Alde batetik, Idoiak bere ibilbide artistikoa orain dela urte pare bat hasi zuen. Izaro Andresek, berriz, duela zazpi urte jo zuen lehenengoz Gernikan, eta, ordutik, izugarrizko oihartzuna izan du, kasik Eñaut Elorrietaren parean jarri arte. Gernikarrak, hala ere, bestelako protagonismoa izango du jaialdian, bere ibilbidearen aintzatespena egin nahi baitiote. “Euskal kulturaren urrezko orrietan idatzita egongo den izena da”, adierazi du Oier Plazak.

Ken Zazpi taldearen abeslari izandakoak Haziberri festibalean jotzeko aukera “luxu” bat dela agertu du. “Urte honetan grabaketa eta nahasketa lanetan nabil; izan ere, disko berri bat aterako dut urrian edo azaroan”, plazaratu du Eñaut Elorrietak. Bitartean, kontzertu batzuk eskainiko ditu hurrengo hilabeteetan, 2019an kaleratutako Irteeta argiak“Haziberri udako data berezienetako bat izango da”, aitortu du.

Elorrietari egingo dioten aitortzaren inguruan, Lorea Bilbao kultura diputatuak belaunaldi berrientzako erreferente izan dela aldarrikatu du. “Inportantea da pausoak ematea eta norbere baldintzek eramaten zaituzten horretara egokitzeko gaitasuna erakustea, baina mailarik gorenenean”, adierazi du diputatuak, Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako Haziberri bezalako egitasmoek, kulturaren bidez, gizartea kohesionatzeko eta batzeko duten garrantzia azpimarratu ostean.

JASANGARRITASUNA, EZAUGARRI NAGUSI

Musika eta kulturaz haratago, Haziberri “egiteko modu bat ere bada”. Horrela nabarmendu zuen Garazi Llonak, antolakuntzako kideak, jasangarritasunaren ikurra daraman festibalaren inguruan. “Egun batean ez dugu mundua aldatuko, baina keinu batzuk egin nahi ditugu, inguruan dauden arazo batzuei ikusgarritasuna emanez”, azaldu du. Iaz, esaterako, zaborretara zihoan tona bat artile baliatu zuten eserlekuak egiteko. “Artile horri bizi berri bat emateaz gain, Euskal Herrian dugun arazo hau plazaratzea lortu genuen”, gaineratu du.

Lehen edizioan, jaialdiaren hondakinak zerora murriztea lortu, eta, inguruko hornitzaileekin aritu ziren. “Aurten elkarlan hori aurrera doa, Boga edo Biba Ardoak izango ditugu. Baina edatekoaz aparte, aurten jatekoa ere egongo da”, iragarri du. Izan ere, kebab moduko bat sortu dute, bertarako propio Berteiz-Mendiondo okindegiak sortu duen ogi mota batekin. Bestalde, Iturbe Anaiak harategiko okela eta eskualdeko baserrietako barazkiak izango ditu osagai nagusi.