Bizkaiko Gaiteroak, Mañariko Udalarekin eta Gerediaga Elkartearekin elkarlanean, Juan Bilbao Ortuoste dultzaineroa (1905-1991) omenduko dute datorren igandean, hilak 12. Ekimena Bizkaiko dultzaineroak omentzeko aurten egingo diren omenaldietan lehenengoa izango da eta 13:00etan ekitaldi nagusia hartuko du herriko plazan.

1905ean jaio zen Juan Bilbao, Mañariko Ortuoste auzoan, eta ofizioz artzain izan zen arren, autodidakta izan zen eta dultzaina jotzen ikasi zuen bere anaia Manuelen pausoei jarraituz. Bizitzaren gorabeherak, Manuel Melillan hil zen 1922an, eta anaiaren dultzaina etxera bidali zutenean bera geratu zen musika tresna preziatuarekin. Aurretik, flauta eta txilibituarekin saiatutakoa zen Juan.

Urte askotan bere lehenegusu Fermin Ortuosterekin (1906-1962) ibili zen duoan. Eurekin biekin, Dionisio eta Txomin anaiek atalaba jotzen zuten. Durango, Abadiño, Amorebieta, Gernika Atxondo, Otxandio... eta beste hainbat herritako erromerietan jo zuten. 1920ko hamarkada luzetan ibili ziren herriz herri. Gero, dultzaina jo barik egon ostean, erretiratu zenean, 70eko hamarkadan, berriro hasi zen jotzen. Azken aldietan, Karmelo semeak laguntzen zion atabalarekin.

Zahargaztiek musika taldea ere sortu zuen beste laguntza batzuekin, tartean trikitilariak eta albokariak ziren. Basilio Txiki, Juanita Gorroño, Eduardo Eguiarte eta Felisa, Leon Bilbao eta Maurizia Aldaiturriaga... izan zituen plaza lagun. Bere semearekin batera, Kardantza etxeko Herri Musika diskoan hainbat pieza grabatu zituen.

Ibilbide guzti hori balioan jartzeko hainbat omenaldi egin zitzaizkion bizi izan zen artean. Hala nola, 1980an, Iurretako jaietako Trikitilarien Egunean jaso zuen omenaldia; 1981ean, Guardiako Gaiteroen Egunean eta, azkena, Elorrion 1991n hil zen urte berean.

Orain, berriz, omenaldia Mañarian izango da, eta ekitaldi nagusia maiatzaren 12an egingo da, baina atzotik eta igandera arte, Errose Bustintza Kultur Etxean Bizkaiko gaiteroei buruzko argazki erakusketa txiki bat ikusteko aukera izango da.

Omenaldi egunean bertan, goizeko 10:30ean hasita, lehenengo gaiteroen kalejira eta ostean Ondalan taldeko erraldoiekin batuta bigarren kalejira bat izango da. 12:30ean baltseorako tartea hartuko dute eta 13:00etan Bilbao dultzaineroa omentzeko ekitaldi nagusia bururutko da plazan.

KULTUR ASTEA

Mañariko Udalak maiatzaren 10etik 19ra antolatu duen Kultur Astearen programako ekitaldietako bat da dultzaineroen omenaldia, baina ez da Bizkaiko Gaiteroen elkarteak antolatuko duen bakarra izango. Gureak gogoan, katea ez hausteko lelopean hainbat omenaldi antolatu dira Bizkaian zehar. Bizkaian gaitari balioa ematea nahi dute antolatuko dituzten omenaldiekin. Gauzak horrela, gaita-dultzainero esanguratsuak izan ziren herrietan erakusketak eta omenaldiak antolatu dituzte, euren lana ezagutzera emateko.

Mañariko Kultur Asteari dagokionez aniztasunez eta euskaraz inguratutako programazioa hartuko du Mañariak datozen egunetan eta gaztetxoenetatik herriko nagusienetaraino, gazte eta helduetatik igarota, maiatzeko kultur programaz gozatzeko aukera zabala izango da. Ainara Otxotorena alkatearen hitzetan “Mañarian bizirik dauden kultur zaletasuna eta euskaltzaletasuna islatzen duen programazioa osatu dugu”.

Egitarauari dagokionez Porrotx eta Mari Motots pailazoen Amaren intxaurrak antzezlanarekin hasiko da ostiralean eta Zirika zirkus konpainiaren eskutik eskainitako Azken fakirra ikuskizunarekin bukatuko da programazioa hilaren 19an. “Bidean, denetariko ekintzak: Kuttuneren, Moonshine Wagonen eta Jon Basagurenen kontzertuak; Barsantiren Akabo obraren emankizuna; Wikiemakumeen berbaldia; Asisko Urmenetaren liburuaren aurkezpena; Euskaldungak bakarrizketak; Aire dokumentalaren emankizuna; eta azoka ere antolatuko da maiatzaren 19an, domekan”, aurreratu zuten Kultur Astearen aurkezpen ekitaldian.

Labur-labur

Kultur Astea. Mañariko Udalak aniztasunez eta euskaraz inguratutako Kultur Astea antolatuko du maiatzaren 10etik 19ra. Gaztetxoenetatik herriko nagusienetaraino, gazte eta helduetatik igarota, maiatzeko kultur programaz gozatzeko aukera zabala izango da.

Maiatzak 12. Aurtengo edizioan Bizkaiko dultzaineroei omenaldia egingo zaie, kalejirek eta ekitaldi nagusi batek osatuta. Zehazki, igandean Juan Bilbao Ortuoste dultzaineroa (1905-1991) omenduko dute.

Egitaraua. Besteak beste, Porrotx eta Mari Motots pailazoak, musika kontzertuak, bakarrizketak eta azoka antolatu dira.