Abadiñoko Udalak 302.686,98 euroko aurrekontua bideratu egin du Txinurrisolo kalea berrurbanizatzeko. Lan horien xedea eremu horretan irisgarritasuna hobetzea da. Dagoeneko amaitu egin da Trañabarrenekiko lotura. Lan hauekin Udala aurrera darrai Traña-Matienako erdigunean trafikorik gabeko inguruneak sortzeko erronkarekin.

“Oso obra garrantzitsua zen, eta aurreikusitako egunetan amaitu da, jaietan eremu osoan segurtasunez ibili ahal izateko. Bizilagunek hobekuntza nabarmena nabarituko dute epe luzera”, adierazi du Jose Luis Navarro Hirigintza zinegotziak.

Joan den urriaren 17an herritarrei aurkeztu zitzaien proiektuak beste hobekuntza batzuk ere bultzatuko ditu; izan ere, oinezkoentzako plataforma handitzeak, behin obra amaituta, kanpoko igogailuak instalatzea ahalbidetuko du hainbat ataritan. Kalea oinezkoentzat izango da, eta baimendutako ibilgailuak 15 minuturako baino ezin izango dira sartu.

Gobernu talde berriak berriro ekin zion Txinurrisoloko urbanizazio proiektuari, eta hainbat aldaketa egin zituen hasierako proiektua hobetzeko. Aurreikusitako jarduketak Txinurrisolo kalea urbanizatzea aurreikusten du, desnibelik gabeko plataforma bakarra sortuz. Horrela, eremuak irisgarritasun unibertsalaren irizpideak beteko ditu. Bestalde, aldaketak egin dira erabili beharreko zenbait materialetan, ondoren leku horretan egin beharreko mantentze-lanak errazteko. Txinurrisolo kaleaz gain, urbanizatu beharreko eremua Laboral Kutxaren paretik BBKraino zabaldu da. Erabaki horren bidez, Trañabarren kaleko gune horretan plataforma bakarra sortu gura da, segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko. Egungo taxi-geltokia aurreko espaloira aldatuko da, eta, horrela, kota altxatuta, mesoiaren eta bazarraren parean espaloia handitu ahal izango da.

Horrela, bi elementu dira aipagarriak jarduketa honetan: alde batetik, Txinurrisolotik BBKrainoko tartea igotzeak ibilgailuen abiadura moteltzea bilatzen du puntu horretatik igarotzean, eta, bestetik, taxiak errepidearen beste aldera eramateak puntu jakin horretan sortzen zen botila-lepoa kenduko du.

“Hori zen legealdi honetako erronketako bat. Obra garrantzitsua da, herritarrek luzaroan itxaron izan dute eta bizitza-kalitatearen hobekuntza nabarmena ekarriko du. Pauso garrantzitsua da Traña-Matiena berriztatzeko prozesuan”, azpimarratu du Mikel Urrutia alkateak.