Gernika-Lumoko Euskal Herriko Museoan eta La Encartada Fabrika-Museoan hobekuntza-, mantentze- eta birgaitze-lanak egitera bideratuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Europako Next funtsetako 600.000 euro inguru.

Bai Euskal Herria Museoa, bai La Encartada Fabrika-Museoa kultura-ondasunak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Donejakue bideari lotuta daudenak, eta horregatik sartu dira Europar Batasunak Next Generation programaren bidez finantzatzen duen Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean.

Lehenbizi, Foru Aldundiak Next funtsetako 300.000 euro bideratuko ditu Alegria jauregia birgaitzera. Jauregi hori Gernika-Lumon dago, eta gaur egun Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskal Herria Museoa dago bertan. Gerra Zibilean, 1937. urteko bonbardaketatik libratu zen Gernika aldean dago. Foru Aldundiak 1982. urtean eskuratu zuen orubea, eta museoa izateko prestatu zuen. Next funtsen laguntza-lerro berri hori instalazioak modernizatzeko erabiliko da; izan ere, honako hauek jarriko dira museoan: LED teknologia, norbait dagoela nabaritzen duten detektagailuak (energia aurrezteko), wifi konexioa, hondakinak biltzeko edukiontziak eta kontsumo elektrikoen monitorizazioa. Horrez gain, instalazio fotovoltaikoa jarriko da teilatuan autokontsumo partekatua izateko, eta aparkalekuan ibilgailu elektrikoentzako kargagailu bat jarriko da.

Bestalde, beste 300.000 euro inbertituko dira Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoan. Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen du museoa, eta gaur egun ondare industrialaren erreferentea da; martxan dagoen Europako ehun-makineria osoena dago bertan.  XIX. mendeko makineria duen museo industriala da, eta orain zentral hidroelektrikoa hobetuko zaio. Besteak beste, belar-sastrakak kenduko dira, ataskak atonduko dira eta ubideak eta karga-ganberak berregin eta gaineztatuko dira. Gainera, hobekuntzak egingo dira eraikin nagusian, ura itzultzeko bidean, sarbideetan eta inguruan. Uharkan, ubidean eta turbinan zaharberritze-lanak ere egingo dira.

Next funtsen finantzatzeko lerro hau proiektu jasangarrietara bideratu behar da, erabilera turistikoa duen ondare historikoa mantentzeko eta birgaitzeko direnetara, hain zuzen ere.