Aste honetan banatu egin ditu Portugaleteko Udalak Liburuaren Eguna ospatzeko antolatu zuen Mikroipuin lehiaketaren sariak, Santa Klara kulturtegian egindako ekitaldi batean. Udalaren Euskara zerbitzuak antolatutako ekimen honen helburuak literaturaren garrantzia aldarrikatzea eta irakurzaletasuna sustatzea dira.

Martxoaren 22an itxi zen Portugaleteko Udalaren Euskara Zerbitzuak antolatutako Mikroipuin Festa ekimenean parte hartzeko epea eta ordura arte 400 bat ipuin jaso dira udaletxean herriko bederatzi ikastegitatik bidalita: Karmengo Ama, Gabriel Celaya, Ruperto Medina, Antonio Trueba, Zunzunegi, Asti Leku, Santa María, Maestro Zubeldia, eta Kanpazar.

Aurtengo maila oso altua izan da. Mikel Torres alkateak hauxe esan du saria

banatzeko ekitaldian: “Denok erakutsi duzue kontakizunak sortzeko trebezia aparta. Zorionak! Eta kasualitatea ez da. Trebezia hori ez delako jaiotzen gurekin batera, baizik eta landu egiten dugu; txiki-txikiak garenean, entzunez eta hitz eginez, eta geroago, irakurketa eta idazketaren bitartez”. Horretaz aparte, alkateak esker bereziak eman dizkie irakasleei, “haien bultzadari esker idazten baitituzte ikasleek ipuinak”.

Mari Jose Blanco euskara zinegotziak azpimarratu egin du irakurtzearen eta idaztearen onurak: “Irakurtzeak lagundu egiten digu mundua eta geure ingurua ulertzen. Idazteak, berriz, bide ematen digu hori guztia, mundua, ingurua, azaltzeko; ahotsa ematen digu horren guztiaren berri emateko parada izan dezagun”.

Sariak

Mikroipuin Festan parte hartzeko, gehienez 100 hitzeko ipuina idatzi behar zen, aurten itsaso berba erabiliz. Udal teknikariez osatutako epaimahai batek irabazle bat hautatu du: Aitor Aurre Verdejo, Asti Lekukoa. Bestalde, hiru aipamen egin nahi izan ditu: Maider Garnil Karmengo Amako ikaslea, Besaide Cabado Zunzunegikoa, eta Gabriel Celayako Lehen Hezkuntzako 3A ikasgela osoa. Irabazleok Udalaren Euskara Zerbitzuaren produktuen pack bana jaso dute. Dena delarik, ekimen hau festa izanik eta ez lehia, parte-hartze guztiek opari bana hartu dute, eta Euskara Zerbitzuak beste opari batzuk zozketa bidez esleitu ditu.​