Galdakaoko Udalak eta GuDendari elkarteak indarrak batu dituzte udalerriko lekurik jendetsuenak musikaz betetzeko aste honetako eta hurrengoko ostiral eta larunbatean, hau da, apirilaren 26an eta 27an eta maiatzaren 3an eta 4an. Egun horietan Txaranga Festa ospatuko da herrian, udara hurbiltzen ari garela ospatzeko.

Gozatzeko prestatutako eskaintza zabala baliatzea da helburua, musikariei plaza eskaintzea, eta, aldi berean, gure ostalaritza laguntzea.

Ekimena datozen ostiral eta larunbatetan gauzatuko da, bihar, apirilaren 26a, hasita eta hurrengo asteko larunbatean, maiatzak 4, amaituz. 4 egun, kontzertuekin, batukada eta txaranga erritmoekin alaituta.

Txaranga Festaren jai giroaz gozatu ahal izango da herriko lau puntutan, 19:00etatik 22:00etara: Gipuzkoa kalea (Somera), Santi Brouard, Bizkai kalea eta Iturrondo.

Zuzeneko musikaz gain, hainbat ekintza, zozketa eta sari izango dira.

Honakoa da, zehazki, egitaraua:

  • Bihar, ostirala, 19:00etatik 22:00etara, Danbayan batukada kaleetan zehar
  • Etzi, larunbata, 19:00etatik 22:00etara, txaranga kaleetan zehar
  • Maiatzaren 3a, ostirala, 19:00etatik 22:00etara, txaranga kaleetan zehar
  • Maiatzaren 4a, larunbata, 19:00etatik 22:00etara kontzertua Santi Brouard plazan

Batukadak eta txarangak 19:00etan hasiko dute ibilbidea, Santi Brouard plazan, eta, ondoren, somera kalea zeharkatu, Iturrondo plazara iritsi eta Bilbo kalean amaituko dute, Bizkaia kalearekiko gurutzean. Ibilbidea errepikatuko dute aurreikusitako ordutegia bete arte. Maiatzaren 4an, larunbata, musikari batek girotuko du Santi Brouarden ingurua 80ko hamarkadako musikaren erritmoan, Kerren jatetxearen, Sorgiñe tabernaren eta Gurutz Berriaren bidegurutzean, hain zuzen ere.