Hiru eta hamaika urte bitarteko Santurtziko haurrek euren urtebetetzeak ospatu ahal izango dituzte Mamariga kulturgunean eta Kabiako ludotekan. Hala, Santurtziko Udalak plaza horiek zozketatuko ditu, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea.

Izena emateko epea apirilaren 22an, astelehen, hasiko da eta maiatzaren 3an, ostirala, amaituko da udalerrian erroldatuta dauden pertsonentzat. Pertsona horiek plaza erreserbatu nahi duten ludotekan aurkeztu ahal izango dute eskabidea, eta ekainaren 3an egingo da zozketa (11:00etan Casa Torre jauregian). Hurrengo egunean, ekainaren 4an, jarriko dira zozketako zerrendak webgunean eta ludoteketan.

Interesa duenak honako ordutegi hauek izango ditu plaza eskatzeko:

Kabian, astelehen, asteazken eta ostiraletan 16:05etik 16:55era eta astearte eta ostegunetan 20:05etik 20:55era. Mamariga Kulturgunean, berriz, astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:45era.

Horren ostean, ekainaren 5etik 11ra bitartean, erreserbaren kuota ordaindu beharko dute, eta plaza librerik geratzen bada, ekainaren 14tik 21era bitartean, zozketan plazarik jaso ez duten eta erroldatuta dauden pertsonek parte hartu ahal izango dute; izan ere, ekainaren 25etik aurrera, plazak eskuratu ahal izango dituzte, bai erroldatuta daudenek, bai erroldatu gabe daudenek.

Azkenik, Kabian uzten diren txandak astelehenetik ostiralera arratsaldez izaten dira, eta larunbat eta igandeetan, goizez zein arratsaldez. Bestalde, Mamariga Kulturgunean astearte, ostegun eta ostiral arratsaldeetan eta larunbat eta igandeetan goizez edo arratsaldez alokatu daiteke. Gogoratu behar da txanda bakoitzeko alokairuaren prezioa 15 eurokoa dela pertsona guztiontzat, erroldatuta daudenentzat nahiz erroldatuta ez daudenentzat.