Biztanleen artean energia berriztagarrien erabilera bultzatuko duen energia-komunitate bat sortzea da Abadiñoko Udalaren hurrengo erronka, ingurune hurbilean gizarte, ingurumen eta ekonomia-onurak bilatzera bideratutakoa. Bada, horretarako, Tokiko Energia Komunitate (TEK) bat sortzeko enpresa espezializatu bat kontratatu du Udalak. Proiektua egiteko lehen fase hori 12 hilabetez luzatuko da.

Lana, funtsean, hiru arlotan banatuko da: juridikoan, teknikoan eta parte-hartzailean. Horrela, TEKari lotutako sozietate juridiko bat sortzeko eta Udalari eta talde eragileari aholkularitza emateko laguntza juridikoa emango da.

Arlo teknikoan, udalerriari lotutako energia-baliabideak eta -planak aztertu, proiektu potentzialak prestatu eta horien bideragarritasuna aztertuko da; eta abian jartzeko fase guztietan laguntza eman, baita dirulaguntzak eskatzeko ere. Lanak arlo parte-hartzaile bat ere badu, hausnarketarako eta erabakiak hartzeko saioekin.

Tokiko energia-komunitateak, euren energia kudeatzeko pertsonak, enpresak edo/eta udalak elkartzen diren proiektu kolektiboak dira. Banatutako sorkuntza berriztagarria eta tokiko garapena sustatzeko balio dute, eta herritarrak energia-sistema berregituratzeko funtsezko pieza izatea ahalbidetzen dute. “Abadiñon energia-komunitate bat sortzeko lehen pausoa da. Ekimen horretan udalak, enpresek eta banakakoek hartu ahal izango dute parte, eta energia berriztagarria sortzea, kontsumoa murriztea, ingurumenaren ikuspegitik horrek dakarren onurarekin, faktura merkatzea eta gehien behar duten pertsonek errazago ordaindu ahal izatea du helburu”, azaldu du Mikel Urrutia alkateak.