Udalerriko gazteei zinema hurbiltzeko Egin ezazu zure filma izeneko ikastaro praktikoa eskainiko du Ermuko Udalak maiatzean. Bertan, partehartzaileek film labur bat grabatzeko aukera izango dute, lehendabiziz prestatutako gidoi txiki bati forma emanez. Tailerra udal liburutegian egingo da.

Tailerra 2013an eta 2014an jaiotako haurrei zuzenduta dago eta hainbat helburu ditu: parte hartzen duten adingabeei kultura zinematografikoa hurbiltzea eta haien adierazpen artistikoa indartzea, ikus-entzunezko proiektu baten produkzioan oinarrizko nozioak erakustea, adierazpen askatasuna sustatzea, talde-lana bultzatzea eta film laburrak egiteko proposatutako gaiei buruz hausnartzea, besteak beste.

Ikastaroa ordubeteko lau saiotan egingo da, eta ikus-entzunezko narratibaren, gidoiaren idazketaren, filmaketaren eta muntaiaren oinarrizko nozioak ikasiko dituzte. Lehenengo saioak ikus-entzunezko munduan sartzeko eta gidoia sortzeko balioko du. Bigarrenean gidoiaren egokitzapena egingo da eta grabaketa hasiko da. Hirugarren saioa film laburra filmatzeko izango da, eta laugarrenean grabazioaren xehetasunak amaitu eta film laburra muntatuko da.

Saioak astearteetan, maiatzaren 7, 14, 21 eta 28an, izango dira, 17:30etatik 18:30etara, euskaraz.

Doako tailer honetan izena emateak lau saioetara joateko konpromisoa dakar, plaza lortuz gero. Plazak mugatuak dira eta izena maiatzaren 2ra arte eman daiteke liburutegian, 943 17 92 12 telefonoan, WhatsApp bidez edo e-mail bidez biblioteca@udalermua.net helbidean, izen-abizenak, liburutegiko txartel-zenbakia, jaioteguna, harremanetarako telefonoa eta posta elektronikoa aurkeztuz.

Plaza baino eskaera gehiago jasotzen badira, lekuak zozketaz esleituko dira eta lehentasuna izango dute Ermuan erroldatuta daudenek. Onartutakoen zerrenda webguneko iragarki-taulan argitaratuko da maiatzaren 3an, eta posta elektronikoz bidaliko zaie izena eman duten pertsona guztiei.