Datorren igandean, apirilaren 21ean, goizeko 11etan egingo den txirrindulari martxa batek hasiera emango dio udalerrian euskararen erabilera sustatzeko helburua duen Abanto Zierbenako Euskal Asteari.

Asteartean, apirilaren 23an, 10:30ean, Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta Bigarren Hezkuntzako 1. mailako ikasleen bertso-topaketa egingo da Askartza Isusi ikastetxeko kiroldegian. Bertan bertsoak, abestiak eta giro ederra izango dira.

Ostegunean, apirilaren 25ean, 10:15ean, Askartza Isusi ikastetxeko ikasleek Imanol Ituño magoaren ikuskizuna izango dute ikusgai ikastetxean bertan. Egun berean, 10:20an, Julian Iantzik Dolores Ibarruri Institutuko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleei euskaraz ikasten jarraitzearen garrantziaren inguruan hitz egingo die, nahidudalako.eus kanpainaren barruan.

Ostiralean, apirilaren 26an, 10:30ean, Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleek Pasapalabra programako uztaia egingo dute Las Carrerasko pilotalekuan. Esfortzua saritzeko, hamaiketako txiki bat egingo dugu. Beranduago, 15:15ean, Buenos Aires ikastetxeko ikasleek DJ Kaktusen saio animatu bat izango dute.

Arratsaldeko 18:00etan GUROT lehiaketaren final handia egingo da San Mames futbol-zelaiko Ipar aretoan. Bizkaiko hiru talde onenek eta Abanto Zierbenako bi talde onenek sari bikaina lortuko dute. Ordu berean, txikienek Alaia Galtzagorria txotxongilo-emanaldia izango dute ikusgai Kultur Etxeko ekitaldi-aretoan.

Arratsaldeko 19:00etan bertso-poteoa egingo da, Enparantzatik hasita. Ondoren, Montaño Aretoan bertso-afaria egingo da, 21:00etan. Bi ekintza horiek Las Karrerasko Gazte Konpartsak, Gallartako Koadrilak, Abanto AEK Euskaltegiak eta AXOLA Euskara Elkarteak antolatu dituzte.

Ostiralari amaiera emateko, 23:00etan gazte zein helduek betiko abestiekin dantza egiteko aukera izango dute Haritzalde plazan, Mugi Panderoa taldearen erromerian. Eguraldi txarra egiten badu pilotalekuan egingo da.

Larunbatean, apirilaren 27an, 12:00etan, Sanfuentesko pilotalekuan Magicklown ikuskizuna egingo da, magia eta pailazoak uztartzen dituena. Eguraldi txarra egiten badu eskola zaharretan egingo da.

Arratsaldean, 17:30ean, Herri Kirolen Olinpiar Jokoak egingo dira eta betiko kirolak egingo dira bertan, hala nola zaku-karrera, sokatira, txingak, aulki-jokoak, etab. Parte hartzeko lau pertsonako talde bat osatu behar da. Taldeen izen-ematea Haritzalde plazan egingo da 17:00etatik aurrera, edo pilotalekuan eguraldi txarra egiten badu. Gainera, partehartzaileentzat askari bat prestatuko da.

Amaiera gisa, 19:30ean, Saltoka taldearen eskutik Dantza Plaza egingo da Haritzalde plazan. Eguraldi txarra egiten badu, pilotalekuan egingo da.

Herri Martxa

Euskal Astea amaitzeko, igandean, apirilaren 28an, Herri Martxa hasiko da. 10:00etan Alberto Ezkurdia parkean dortsalak banatuko dira. Ondoren, 10:30ean, martxa hasiko da. Ibilbidea zirkularra izango da eta Gallartan hasiko da; ondoren Las Carreras eta Sanfuentesetik igaroko da eta berriro ere Gallartan amaituko da. Martxa 12:30ean amaitzea aurreikusten da, Eusko Gudariak plazan. Dortsala bueltatzen dutenek opari bat izango dute parte hartzeagatik. Martxa egiten dutenentzat anoa-postua ere jarriko da.

Euskararen astea eta eguna amaitzeko, 13:00ean, Kidam Magoak Eusko Gudariak plaza eta bertako saltokiak bisitatuko ditu, eta bertan magiatruko liluragarriak egingo ditu. Ordu berean, Eusko Gudariak plazan txikienentzako mitologiako tailerrak egingo dira.