Iazko estraineko edizioab lortutako “arrakastaren” ostean, aurten ere hitzordu berezia jarriko dute martxan Markina-Xemeinen kokatutako Lea Artibai Ikastetxetik. “Gurekin bizi diren kultura ezberdinekin bat egiteko, elkar ezagutzeko eta eskualdearen kultura-aniztasuna ospatzeko” proposamenaz, Laikoloreak izeneko jardunaldia antolatu dute, beste behin ere, non hainbat ekimen ezberdin egingo diren. Biharkoan, eta goizeko 11:00etatik eta eguerdiko 13:30ak arte, “hainbat stand jarriko dira bigarren eskuko gauzak trukatzeko, hala nola arropak, liburuak, jolasak, eta abar”.

Laikoloreak jaialdiaren baitan, “herrialde ezberdinetako jakiak dastatzeko aukera egongo da eta artisauak ere egongo dira beraien lanak erakusten. Musika, janari, dantza, jolas eta beste jarduera batzuen bidez kultura ezberdinen inguruan ikasteko aukera aparta izango da”, Lea Artibai Ikastetxetik zehaztu dutenaren arabera. Ekimena ikastetxeko zelaietan ospatuko dela nabarmendu dute hezkuntza zentroko arduradunek. Jardunaldiak berezitasun garrantzitsu bat izango du. “Ez da salmentarik egingo; hau da, stand-etan jarritako produktuak trukatu edo hartu ahal izango dira, ordaindu gabe”. Markina-Xemeinen kokatutako ikastetxetik “eskualdeko herritar guztiak gonbidu”nahi dituzte, Laikoloreak delako kimerarekin bat egiteko “ eta kultura-aniztasunean murgiltzera”.

Lea-Artibai eskualdeak duen aniztasunaren isla izango da biharkoan Markina-Xemeinen antolatu den jardunaldia. Eta inguruaren antzera –non senagaldarrak, hegoamerikarrak edota errumaniarrak bizi diren–, “goi-mailako hezkuntzaren esparruan erreferente” den ikastetxean ere hainbat dira jatorri ezberdinetatik etorritako ikasleak artatzen dituzte. Urtez urte, gainera, “bere zerbitzuak sendotzeko eta hobetzeko lanean” dihardute, “izan ere, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako eskaintzaz gain, Lea Artibai Ikastetxeak Lanerako Prestakuntzara bideratutako eskaintza zabala du”, azaldu dutenaren arabera. Bada, datu esamguratsu batzuk eskaini dituzte, bai bertokoen eskura direnak eta baita atzerriko herrialdeetako jatorria duten eskualdeko bizilagunentzat.

Besteak beste, “lanerako Prestakuntzako 13.000 ordu” ematen dituzte, Lanbidek diruz lagunduta; “herrialde ezberdinetako 1.200 ikasle” izaten dituzte ikasturtero”, “langabetue-ntzako 44 ikastaro” antolatzen dituzte edota “75 ikastaro” eskaintzen dituzte “lanean daudenei zuzenduta”, Markina-Xemeinen kokatutako hezkuntza zentrotik diotenez. “Horrez gain, Lea Artibai Ikastetxeak orientazio- eta laneratze-zerbitzuak eskaintzen ditu, bai eta bitartekaritza-zerbitzu bat ere, eskualdeko edota irregulartasun-egoeran dauden atzerritarrentzat”.