Jaiegunetan garbitzeko eta desinfektatzeko egiten diren ohiko lanez gain, Abadiñoko Udalak hainbat hobekuntza egin ditu Aste Santuan Astolako udal kiroldegian, hala nola banakako termostatoa duten dutxak instalatzea edota zeinbat armairu konpontzea.

Egindako lanen artean, 144 armairu konpondu edo/eta hobetu dira, giltzarekin eta txanponekin erabiltzeko sarraila berriak, uhal berriak eta giltzarrapoarekin erabiltzeko sistemak jarrita. Ikuspen gutxiko areto eta guneetako argiztapena ere hobetu egin da, pisuekin jarduteko gunekoa, makina-aretokoa, korridore eta komun batzuetakoa edo igerilekuko dutxetarako sarbidekoa.

Modu berean, barrutik zein kanpotik iristeko zailak diren beirateak garbitu dira. Mantentze-lanak instalazio osoa garbitzeko eta desinfektatzeko ohiko lanekin eta kaltetutako elementuak konpondu edo/eta ordezkatzearekin osatu dira. Geldialdi teknikoa nahitaezkoa da instalazioen kalitatea bermatzeko, eta urtean behin egiten da.

Beste alde batetik, gobernu-taldea lanean ari da udako denboraldia hasten denerako Astolako kiroldegiko taberna irekita egon dadin, horrela, zerbitzu osoagoaz gozatu ahal izateko.

Lan gatazka

Bestalde, gobernu-taldeko arduradunek, Bizkaiko sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren esparruan greban dauden langileekin berba egin dute egun hauetan. Udalak jakinarazi die erabiltzaileei dirua itzultzeaz gain, ez diola enpresari ordainduko greba egunetan eman ez dituen zerbitzuengatik. Horrela, bere eskumenen esparruan behar diren neurri administratiboak hartzeko konpromisoa hartu du, eta bere bitartekaritza eskaini du gatazka lehenbailehen konpontzen laguntzeko.

“Instalazioetan hobekuntzak egiten ari gara zerbitzu hobea eskaintzeko. Baina inbertsioez gain, zerbitzu ona emateko beharrezkoa da horietan lan egiten duten pertsonek baldintza duinak izatea. Gure aldetik, Bizkaian gatazka hau konpontzen laguntzeko konpromisoa dugu, Astolan kalitatezko zerbitzua bermatzeko”, adierazi du Mikel Urrutia alkateak.