Datorren ostiraletik eta apirilaren 28ra bitartean, Santurtziko Gernika parkea San Jorge jaietako erdigunea bihurtuko da. Aurten, portuan egiten ari diren obrak direla eta, txosnak parkean jarriko dira, eta kontzertuak ere bertan egingo dira.

San Jorge jaietako protagonista izango dira, berriz ere, udalerriko hainbat erakunde, kirol-, kultura- eta gizarte-esparru, bai eta Santurtziko txosnaguea ere, jaien bigarren asteburua antolatzeaz arduratzen dena.

Programazioaren barruan, publiko guztiei zuzendutako hainbat jarduera izango dira, hala nola txikientzako tailerrak, puzgarriak, jolasak…; musikarako aukera ere egongo da, udalerriko hainbat abesbatzen kontzertuekin, musika bandarekin eta pantalanetan izango diren berbena eta DJen gauekin. Ahaztu gabe, dantzaldiak eta kalejirak.

Aurtengo San Jorge jaietan, ekitaldi garrantzitsua izango da: Santurtziko musika bandaren 75. urteurrena eta Lagun Zaharrak abesbatzaren 50. urteurrena ospatzeko igandean, hilak 21, 19:30ean, Gernika parkean kontzertua egingo da. Ekitaldi honetarako abesti berezi bat sortu da.

Horri Serantes Kultur Aretoko antzerki-eskaintza eta udalerriaren eskaintza turistikoa gehitu behar zaizkio, Agurtzara, Serantes mendira edo Itsas Museora bisita gidatuak egiteko aukerarekin, besteak beste. Gogoan izan behar da lehen asteburuan ere denbora izango dela Santurtziko kuadrillak berriro elkartzeko.

San Jorge jaien ospakizunak bat egiten du liburuaren egunarekin, eta, beraz, urtero bezala, hainbat ekintza izango dira egun horren inguruan, hala nola liburu azoka edo erabilitako

liburuaren azoka txikia. Biltzen den dirua Autismoaren Espektroko Nahasmendua duten Pertsonen Familien Elkartearentzat (APNABI) izango da.

Beste hitzorduetako bat Santurtzitik Zierbenara egingo den ohiko martxa izango da. Apirilaren 28an, igandea, egingo da, 10:00etatik aurrera, eta parte hartu nahi dutenek dagoeneko izena eman dezakete. Egun horretan bertan, alarde txikia izango da 12:00etatik aurrera. Kirol ekitaldi osasungarri horrekin batera, Greenpower Bridgestone zirkuitua ospatuko da herrian, ostegunean, hilak 25. Bertan, parte-hartzaile ugari bilduko dira eta auto elektrikoak izango dira ikusgai.