Udalerriko zerbitzuak digitalizatzeko prozesuan aurrera darrai Ermuko Udala. Oraingo honetan ezagutarazi egin du liburutegiko bazkideak zerbitzuko txartela formatu digitalean deskargatu eta erabiltzen has daitezkeela, NIK Patrika Digitala aplikazio mugikorrari esker.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak garatu du tresna digital hori, eraldaketa digitalaren arloko proiektu estrategikoetako bat den aldetik, eta Eusko Jaurlaritzaren programan jasota dago. NIK Patrika Digitalari esker, herritarrek OTI (Osasun Txartel Indibiduala), Gazte Txartela eta Euskadiko liburutegi publikoetako txartelak eskura ditzakete telefono mugikorretik, besteak beste. Txartel digital horiek ohiko plastikozko txartelen alternatiba eroso eta erraza dira.

NIK Patrika Digitala eskuragarri dago Androiden (Google Play) eta iOSen (App Store) deskargatzeko.

Zalantzak eta bestelako aukerak liburutegian

NIK Patrika Digitalak liburutegiko txartela gordetzeko aukera ematen die NANa duten erabiltzaileei. Horri dagokionez, zenbait zalantza sor daitezke:

  • Nola lor dezaket nire seme-alaben txartelak aplikazioan agertzea? Liburutegietako erabiltzaileen datuek ez dituzte ahaidetasun-harremanak islatzen, eta, beraz, aplikazioan ezin dira senideen txartelak izan. Familiako kide batzuen txartelak mugikorretan eraman nahi baditugu, liburutegiko katalogoko aukerak erabili beharko ditugu.
  • Eta NAN eduki arren nire bazkide txartela ezin badut deskargatu aplikazioan? Kasu honetan ere liburutegiko katalogoaren aukera erabiliko dugu, txartelaren barra-kodea deskargatzeko eta mugikorrean eramateko.