Udalerriko auzo guztietan irisgarritasuna hobetzeko erronkarekin aurrera darrai Galdakaoko Udala. Hori dela eta, datorren astelehenean, apirilaren 15ean, Pontzi Zabala kale aldapatsuan beste arrapala bi eraikitzeko obrak hasiko ditu. Lan horiekin kale osoan arrapala mekanikoak jartzeko egitasmoaren bigarren fasea hasiko da, eta dagoeneko martxan dagoen arrapalari jarraipena emango diote. Arrapala berriak Zabalearaino helduko dira.

Martxan dagoenaren modukoak izango dira beste biak ere. Bi norabidekoak izango dira, igotzekoa eta jaistekoa, adineko pertsonek hala eskatuta. Izan ere, mugikortasun arazoak dituztenek ohartarazi izan dute igotzeko nekeza baina jaisteko arriskutsuak egiten zaizkiela halako aldapak. Eta bestetik, estalita egongo dira, bi arrazoi nagusirengatik: herritarrak euritik babesteko eta arrapalak urez blaitzean irrist egiteko arriskua txikitzeko.

Astelehenean hasiko dira bigarren eta hirugarren arrapaletarako lanak, eta, obrek eragina izango dute batez ere bertatik ibilgailuz pasatzen direnengan: lanen gunean aparkatzea debekatuta egongo da eta ibilgailuek ezingo dute Zabaleatik behera jaitsi; norabide bakarrekoa izango da errepide hori lanek iraun bitartean, gorantzakoa. Pontzi Zabala 9ko eta Zabalea 12ko garajeetara doazenei soilik baimenduko zaie Zabaleatik sartzea.

Lanek zortzi bat hilabete iraungo dutela aurreikusten da, eta, dena ondo bidean, urte amaiera aldera egongo dira martxan hiru gailuak. 1.915.000 euroko aurrekontua du proiektuaren bigarren fase honek.