Bere 30. urteurrena ospatzeko, Galdakaoko Torrezabal kultur etxeak kalera aterako du bere programazioa. Herritarrenganaino joango da Torrezabal, baita auzo batzuetara ere. Aire librean eta doan gozatu ahal izango da antzerkiaz, musikaz eta dantzaz, ez ohiko lekuetan. Besteak beste, Urretara, Kurtzeara, Lapurdi atzealdera, Aperribaira eramango du Torrezabal Galdakaoko Udalak. 

Torrezabal obretan egon da, bai, baina programazioa ez da eten. Are, Galdakaoko kultur eskaintzarako ahulgune izan zitekeena aukera gisa landu, eta kultur bizipenak aberasteko baliatu da. Edurne Espilla Kultura zinegotziak azaldu du nola urtarrilean herritarrengana hurbildu zen Torrezabal: batetik, zinema Urretara eraman zen, Musika Eskolara, eta antzerkia Torrezabaleko erakusketa aretora. Esperientzia bereziak, inoiz baino biziagoak ekarri dizkie horrek ikusleei. Formatu txikiaz gozatu ahal izan da eta antzerkia oso gertutik bizi, kasik ukitzeraino.

Hainbat datu emanda azaldu du programazioaren aniztasuna Katrin Schlegel kultur programatzaileak: 7 ikuskizun izango dira 3 asteburutan Galdakaoko kaleetan, zazpiak Euskal Herriko konpainienak. Guztira 18 saio, 6 tokitan. Dantza, antzerkia, musika, klowna… Askotariko kultur eskaintza, publiko mota guztientzako. 4 ikuskizun testu bakoak izango dira, 2 euskaraz eta 1 gazteleraz. 

Cecilia Paganini Ganso & Cía konpainiako kidea Galdakaon aritzeko gogotsu agertu da, klown paperean sartu eta Hamlet berezia estrainekoz interpretatzeko gogotsu. Galdakaon aritzearen “plazera” aipatu du, eta konfiantza eskertu. Bertaratzera deitu herritar guztiak.

Honakoa da apirileko programaren zerrenda:

  • Apirilak 13 arratsaldean, Urreta eskolan. ‘Batetik bestera: kontzertua’, Benetan Be taldearen eskutik. Musika eta antzerki uztartzea.
  • Apirilak 13 eta 14an, eguerdian eta arratsaldean: ‘Olvido Flores. Las maravillas de Jupiter’. Estefania de Pazen objektu antzerkia, karabana baten barruan.
  • Apirilak 19 iluntzean, Euskadi kale ondoko etxe zurietako plazatxoan: Matxalen Bilbaoren ‘Fugas’ dantza ikuskizuna lehenik, eta Ertzaren ‘Otempodiz’, ondoren.
  • Apirilak 20 arratsaldean, Santi Brouard plazan. Ganso & Cía konpainiaren ‘Welcome & Sorry’ klown emanaldia.
  • Apirilak 26 iluntzean, Kurtzeko plazatik hasita: ‘Bermutaren kermessea’, Teatro Gorakadaren eskutik. Musika eta antzerki ibiltaria.
  • Apirilak 27 arratsaldean, Aperribaiko frontoian. Dantza familiarra Ana Capillarekin: ‘Musika kutxatxoa’.

Apirileko programazio bereziaren ondoren, maiatzean antzoki berrituaz gozatzeko aukera izango dela azaldu du Kultura zinegotziak. Erosoagoa izango da Torrezabaleko antzoki berritua, irisgarriagoa eta isilagoa, atsegina eta polita. 30. urteurrena bera, berriz, udatik bueltan ospatuko da herritarrekin, udazkenean.