Cockney Rejects punk ingelesaren aitzindariak izango dira maiatzaren 11n Ermuan ospatuko den Vértigo Rock jaialdiaren kartelburuak. Egun horretan, Ermua punk, folk, metal eta rock doinuen erdigunea bihurtuko da.

Aurtengo edizioaren berrikuntza nagusia jaialdia herriko erdigunera itzultzea izango da. Kontzertu gehienak Orbe Kardinala eta Martxoaren 8a plazetan egongo diren bi agertoki nagusietan egingo dira. Azken gune horretan Xabi Ciarsoloren omenezko agertokia kokatuko da, eta bertan punk-rock doinuak bilduko dira gehienbat. Baina aipatutako bi gune nagusiez gain, kalean ere egingo dira bi kontzertu eguerdian eta arratsalde-gauean: bata Zubiaurre inguruan eta bestea Merkatu plazan.

Hamaika taldek, horietatik lau bertakoak, osatzen dute jaialdiaren programazio anitza, Cockney Rejectsen punk-oi! ereserkiak buru dituztela. 1979an sortu zen taldea Londresen, eta 2024an jaialdi eta areto gutxi batzuetan joko du zuzenean. Gure herriak Vértigo Rock jaialdian eskainiko duen kontzertu indartsua hartzeko ohorea izango du.

Punk-rock eta oi! taldeen zaleek Dinamita nafarren, Larru Beltzak oñatiarren eta Eskarmiento eta Aiama talde ermuarren emanaldiez gozatzeko aukera ere izango dute. Bestalde, Aitor Losada ermuarrak etxean aurkeztuko du Ossho rock-metal melodikoko proiektu berria, eta John Dealer & The Coconuts legazpiarren rock-and-roll indartsuak alaitasunez beteko du Vértigoko agertokia.

Edizio honetako soinurik muturrekoenak Frakture thrash metal talde bizkaitarraren eskutik iritsiko dira, Sepultura, Anestesia eta Obituary bezalako talde handien doinuen jarraitzaile sutsuak. Eta XVI. edizio honetako kartela biribiltzeko, folk musika hainbat aldaera ezberdinetan gozatu ahal izango dugu: Celtibeerian mantxarrek, estatuko folk-metalaren erreferenteek, Nertos lan berria aurkeztuko dute, eta Old Time Spooks gasteiztarrek eta BDSM hirukote ermuarrak punk-folkaren alderik bihurriena erakutsiko dute.