Getxo Kirolak erakundeak gora egin du bigarren urtez jarraian. Aste honetan eman ditu ezagutzera aurreko ekitaldiko datuak, eta Udalean poz-pozik daude iaz lortutakoarekin. Bada, aurreko ekitaldia 24.420 pertsona abonaturekin itxi zuen, hau da, 2022an baino 950 lagun gehiago. Horrez gain, abonamenduen zein kiroldegietan egindako ikastaro eta jardueretako izen-emateen bilakaerak gora egin zuen baita ere, inoizko daturik onenak lortzeko.

Era horretan, neguko eta udako kirol-ikastaroen kanpainetan, 5.655 izen-emate erregistratu ziren, eta Fadurako eta Gobelako fitness eta muskulazio gimnasioak beste 1.705 lagunek erabili zituzten. Gainera, 285 pertsonak hartu zuten parte jarduera anitzeko eskaintzan eta 948 lagunek adinekoei zuzendutako jardueretan. Beraz, kopuru horiei erreparatuta, 2.500 pertsona gehiagok eman dute izena jarduera horietan, aurreko urtearekin alderatuta. 

Instalazioak erreserbatzeari dagokionez, nabarmena izan da padeleko pisten okupazioa (13.587 ordu), eta, ondoren, teniseko pistena (7.049 ordu); frontoiena (2.495 ordu) eta futbol-aretoko kantxena (1.145 ordu). Halaber, Getxo Kirolakek astean 1.335 orduz utzi zizkien bere instalazioak Getxoko kirol klub eta elkarteei, beren jarduerak egiteko.  

Era berean, eskola-kiroleko jarduera ezberdinetan 2.997 ikaslek hartu zuten parte, eta udal-kiroldegietan guztira 329 kirol-ekitaldi egin ziren.  

Interesatuek Getxo Kirolak-en web orrialdean eskura dezakete iazko urteko kudeaketa zehatz-mehatz jasotzen duen argitalpena.