Datorren larunbata egun berezia izango da Bizkaia osoan, Athleticek berrogei urte geroago Kopako titulua lortzeko aukera berria izango baitu Sevillan jokatuko duen Mallorcaren aurkako finalean. Hori dela eta, lurraldeko balkoi eta leiho asko bufanda eta bandera zurigorriak dituzte jada, eta hainbat udalerrik partidaz gozatzeko operatibo berezia prestatzen hasi dira dagoeneko: partida ikusteko guneak egokituz, pantailak instalatuz, segurtasun-dispositiboa indartuz, eta abar.

Talde bizkaitarraren partehartzearen harira kirol ekitaldi honek piztu duen ikusmina dela eta, Amorebieta-Etxanoko Udalak 6×4 metroko pantaila erraldoia jarriko du Zelaieta parkean, bi taldeen arteko finala zuzenean emateko.

Partidua 22:00etan hasiko den arren, Zelaietako jardunaldia 19:30etan hasiko da, familian gozatzeko antolatutako ekintzekin. Horrela, etxeko txikienek futbolean jolastu, eskulanak egin edota aurpegia margotu ahal izango dute horretarako antolatutako aurpegiko pintura-tailerrean.

Partiduaren aurretik, atsedenaldian eta amaieran, halaber, DJ bat arituko da giroa alaitzen, modu horretara, Zelaieta ospakizunaren agertoki bilakatuz. Gainera, Udalak hainbat sari banatuko ditu eta Athleticen produktu ofizialak ere zozketatuko ditu bertaratzen diren pertsonen artean.

Azpimarratzekoa da, lehen esan bezala, ekitaldia zutik gozatzeko diseinatuta dagoela, bertaratzen diren guztiei partiduaren emozioa modu dinamiko eta parte-hartzaileagoan bizitzeko gonbita eginez.