Datorren larunbatean, apirilaren 6an, hasi egingo da Estatuko kadete mailako talderik onenak biltzen dituen Tenneco Monroe Futbol Txapelketaren edizio berria. Aurrekoak bezala, zazpigarren edizio hau Teodoro Zuazua udal zelaian eta Betiondo kirolgunean jokatuko da. Ermua Kirol Elkarteak antolatzen du harrera bikaina izan ohi duen ekitaldi hau, lurraldeko futbolzale asko biltzen baititu kadete mailako jokalaririk onenak ikusteko gogoekin.

Futbol txapelketa honetan zortzi klub bilduko ditu guztira, bi taldetan banatuta. Ermua CD etxeko taldearekin batera, Athletic Clubeko, Villarrealeko eta Deportivo Alaveseko kadeteek A multzoan jokatuko dute, eta Atletico Madrileko, CA Osasunak, Realak eta SD Eibarrek B multzoan neurtuko dituzte indarrak.

Norgehiagokak goizeko 9:30ean hasiko dira, eta goizean zehar jokatuko dira gainerako partida guztiak.

Merezitako atsedenaldiaren ondoren, Teodoro Zuazua zelaiak hartuko du txapelketaren azken txanpa. Arratsaldeko 16:00etan, A multzoko lehenak B multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta 16:45ean, B multzoko liderrak A multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du.

Finalerako txartela lortzen ez duten bi taldeek 3. eta 4. postuengatik jokatuko dute arratsaldeko 17:30ean, eta 18:15ean izango da final handia.

Txapelketak Ermuko Udalaren eta Tenneco Monroeren babesa du, eta Arral Distribuciones, Bar Ambigú, Calderería Aldapa eta Malengo, Garlopa, Leku Eder, Txalaparta, Aldapa, La Kolina, Centro Gallego eta Centro Andaluz elkarteek parte hartzen dute.