Tokiko artisautzaren sektorea dinamizatzea da Bizkaiko Foru Aldundiaren erronka nagusienetariko bat. Hori dela eta, datorren apirilaren 15ean ireki egingo du sektoreko enpresei zein elkarteei zuzendutako dirulaguntzak eskatzeko epea, zeina maiatzaren 15era arte egongo den zabalik. Ekimen horretarako Ekonomia Sustatzeko sailak 375.000 euro bideratuko ditu, onuradunen artean berrikuntzaren eta prestakuntzaren bidez lehiakortasuna sustatzeko.

Programaren helburu nagusiak hauek dira: artisautzako erakundeak eta horien produktuak sustatzea; ikuspegi berritzaileak sustatzea trebetasun eta negozio-eredu berriak garatuz; artisau-erakundeen sorrera sustatzea; artisautzako profesionalen prestakuntza-maila hobetzea, eta sektorean elkartegintza sustatzea. Horrekin guztiarekin jarduera hau Bizkaiko ongizate kultural, sozial eta ekonomikoaren atal moduan balioestea lortu nahi da.

Artisautza Sustatzeko Programak bi motatako jarduerak lagunduko ditu diruz. Alde batetik, artisau-erakundeek euren lehiakortasuna indartzeko garatutako jarduerak babestuko ditu, eta horien barruan sartzen dira makineria eta tresneria erostea, ekipamendu informatikoa eta softwarea, artisau-tailerren hobekuntza, prestakuntza-ikastaroetan parte hartzea, merkataritza-sustapena, online salmenta, azoketan parte hartzea, tailerren alokairua eta kudeaketa eta kontabilitatea hobetzeko aholkularitza.

Eta, beste aldetik, diruz lagunduko dira tokiko erakundeek eta artisautza-elkarteek bultzatutako ekintzak, hala nola enpresei zuzendutako prestakuntza-jarduerak, Bizkaian artisautza-azokak antolatzea, Bizkaiko sektorea zabaltzea eta sustatzea, edo kudeaketa eta lehiakortasuna hobetzen duten beste batzuk.