Uztailaren 3tik 7ra bitartean ospatuko den Getxo Jazz jaialdian parte hartuko duten lehenengo artisten izenak ezagutarazi egin dira dagoeneko. Aurten ospatuko den 47. edizio honetan tacey Kent abeslaria, Bill Frisell gitarrista eta James Carter saxofoi jotzailea arituko dira, besteak beste.

Ohikoa denez, Muxikebarrin egingo dira izen handien saioak, aurretik Talde Lehiaketako bandak jardungo direla. Sarrerak apirilaren 15ean hasita egongo dira salgai Kultur Etxeko ohiko saltokietan, bonuekin batera.

James Carterrek (1969, Detroit) irekiko du jaialdia uztailaren 3an. Saxofoi-jotzaile estatubatuarrak merezitako ospea lortu zuen Billie Holiday, Django Reinhardt edo Coltrane bezalako artista handien lanen berezko interpretazioen eskutik, eta oraingoan hirukote formatuan bisitatuko du Getxo, Alex White bateria-jotzaileak eta Gerard Gibb teklatu jotzaileak lagunduta. Horiekin jazzetik abiatzen den zuzeneko indartsu eta bizia eskainiko du, jazzetik abiatu eta funk erritmoek markatutako soinu-lurraldeetaraino zabaltzeko. Saxo-gama osoa menderatzen du artistak, saxo altutik baritonoraino, eta klarinete eta klarinete baxuarekin ere trebezia handia erakusten du, Erregistro guztiak hartzen dituen soinu ikusgarria garatzen duela.

Uztailaren 6an Stacey Kent (1968, New Jersey) abeslariaren txanda izango da. Getxo bigarrenez bisitatuko du kantaria eta lehen aldiz aritu zenetik hamar urte igaro ondoren, artistaren ibilbidek berdin darrai, mundu mailako jazz-ahots nagusien artean nabarmendu dela. Grammy sarietarako bi milioi disko baino gehiago ditu Kentek eta bere musikak generoko handikien esparruan bereizten duen sentiberatasun poetikoa du ezaugarri nagusia. Artista moldakorra, generoko klasikoak nahiz bossa nova eta pop doinuak interpretatzeko gai da, frantseseraz egiten duen errepertorio zabala ahaztu gabe.

Hilaren 7an, igandean, Bill Frisell gitarra-jotzaile eta konpositoreak borobilduko du jaialdia. Artista eklektikoak, folk progresibo, musika klasiko, country eta noiseko doinuak jorratzen ditu, besteak beste. Erritmo paregabeak sortzeko hainbat efektu erabiltzeagatik ezaguna, bere ibilbidea sendotzen hasi zen Pat Metheny grabazio batean ordezkatu ondoren eta, bereziki, Paul Motian eta Joe Lovanorekin hirukotea osatu zuenean. Forrmatu horretan, hain zuzen ere, arituko da Muxikebarrin, Tonny Scherr baxuan eta Kenny Wollesen baterian lagun dituela, inprobisazioa ardatza izango duen emanaldia eskaintzeko.

Igor Sarralde

Jazzaldiaren 47. edizioko kartela Igor Sarralde Getxoko ilustratzaile eta komikigilearen lana da. Besteak beste, Kataluniako Museu Nacional d 'Art-en eta Bartzelonako Komiki Azokan egin ditu erakusketak, eta iaz Getxon 'Sinestesia Drawing Band' proiektua gauzatu zuen, Kultura Sormen Deialdiaren barruan. Kultura Etxeak bultzatutako ekimen horretarako, zuzenean ilustratu zituen 2023ko jazz eta folk jaialdietako emanaldiak, bi ekitaldien testigantza grafikoa emateko asmoz.