Gero eta gutxiago falta da autoentzako 42 aparkaleku eta motorrentzako beste 15 leku izango dituen Lomi Powerreko aparkaleku berriak ateak irekitzeko. Horrez gain beste 42 automobil-plaza txandakako aparkaleku gisa erabiliko dira, beren erabilera-tarifa propioekin. Bada, datorren asteazkenean, martxoaren 20an, ireki egingo du Ermuko Udalak aparkaleku berri horretan garaje plazak eskuratzeko izena emateko epea.

Aipatutako plazez gain, mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako beste hiru kotxerentzako lekua egongo da: bat abonatu-erregimenean, asteazkenetik aurrera eskatu ahal izango dena, eta beste bi txandakako aparkalekurako.

Prezio publikoak

Abonatutako pertsonentzako aparkalekuen prezioak honako hauek izango dira:

  • Auto batentzat plaza bat, abonatu-erregimenean: 60 euro hilean
  • Motor batentzat plaza bat, abonatu-erregimenean: 20 euro hilean

Prezio guztiak urtero eguneratuko dira Osoko Bilkuraren erabakiz, gainerako prezio publikoekin eta tasekin batera.

Eskaerak aurkeztea eta plazak esleitzea

Lomi Powerreko aparkalekuan plaza bat eskuratzeko eskaerak martxoaren 20tik, asteazkena, apirilaren 30era, asteartea, aurkeztu ahal izango dira, Abiapuntun bertan, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara, edo Ermuko Udalaren Egoitza Elektronikoaren bidez.

Esleipen-prozesuan parte hartu ahal izateko, eskabidea behar bezala beteta eta sinatuta aurkeztu beharko da. Gainerako baldintzak ofizioz egiaztatuko dira, mugikortasun mugatuko pertsonentzako aparkatzeko baimen-txartela izan ezik, hori interesdunak berak aurkeztu beharko baitu.

Bete beharreko baldintzak, lehenik eta behin, gidabaimena eta garaje-plazarako zehaztutako ibilgailuaren zirkulazio-baimena indarrean izatea dira. Bestalde, esleipendunak udalerrian erroldatuta egon behar du, baita plaza eskatzean zehazten den ibilgailua ere.

Plazen esleipena zozketa bidez egingo da, baldintza guztiak betetzen dituzten pertsonen artean. Udalerrian bizi diren pertsonen artean zozketa egin ondoren plaza hutsak badaude, bigarren plaza bat lagatzeko baimena emango da.

Era berean, Lomi Powerreko aparkalekua arautzeko ordenantzak eta prezio publikoak ere kontsulta ditzakezu, joan den martxoaren 11n Udalbatzak onartutakoak, Dokumentuak atalean.