Durangoko Udalak 47.724,95 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne, Merkatu Plazan hainbat berrikuntza egiteko. Aurreikusita dago lanek hilabeteko iraupena izatea eta, beraz, baserritarren merkatua astero hartzen duen eremua itxita egongo da hainbat astez. Beraz, lanek irauten duten bitartean, baserritarren merkatua Andra Maria elizaren portikoan egingo da. 

Merkatu Plaza eraikinak hormigoizko portiko handiak ditu teilatua sostengatzeko, eta Udalak aldizkako mantentze lanak egiten ditu bertan. Ohiko mantentze lan horietan ohartu dira langileak portiko horietako bat konpondu beharra dagoela. Datozen urteetan eraikinaren birgaitze osoa egitea du aurreikusita Durangoko Udalak, baina Merkatu Plaza erabilera publiko anitzeko espazioa denez, bertan gauzatzen diren ekintzak modu egoki eta seguruan egiten direla bermatzeko, lehen lan hauek egitea erabaki du Udalak. 

Esan bezala, lanek hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da. Egituraren zati bat metalezko egituren bidez indartuko da, eta hormigoizko egiturari zenbait konponketa ere egingo zaizkio, bertan dagoen armadura saneatuz eta berriro ere hormigoi bereziz babestuz. 

25 postu egongo dira

Merkatu Plazaren teilatua eta konpondu beharreko hainbat gune 10 metroko altueran daude; beraz, lanak egin ahal izateko beharrezkoa izango da altuerako makina eta elementu bereziak erabiltzea. Beraz, Merkatu Plazaren erabiltzaileen zein langileen segurtasuna bermatzeko, behin behinean baserritarren postuak Andre Maria elizaren portikora lekualdatuko dira otsaiaren 19tik martxoaren 23ra bitarteko azoka egunetan. 

Guztira 25 izango dira Andra Mari elizaren portikoan beren salgaiak jarriko dituzten baserritarrak. Ohi bezala, sasoiko fruta eta barazkiak, loreak, landareak, landare sikuak, gazta, esnekiak, kontserbak, hestebeteak, arrautzak, fruitu lehorrak, eztia, gozoak… erosteko aukera egongo da.