Larunbatean eman zituzten aditzera Lekeition egiten den Euskal Zine Bileraren (EZB) aurtengo edizioaren irabazleak. Urriaren 19tik 21era Ikusgarri zineman ikusgai izan ziren sai ofizialeko filmen artean bost saritu zituzten –film onena, zuzendaritza onena, gidoi onena, gazte22 delakoa...– epaimahaia osatu zuten Ramon Agirre, Nerea Alberdi eta Alaitz Arenzana zinegileek. “Erronka handia izan dute irabazleak aukeratzean, maila handiko filmak aurkeztu baitira”, antolatzaileek gaineratu zutenez, eta aurkeztutako lan guztien artean Julen Zubieteren Agur Artzai filmarentzat izan zen sari nagusia. Urrezko Antzarra eta 3.000 euroko saria poltsikoratu zituen Zubietek.

Epaileek adierazi zutenez “pelikula koherentea, hunkigarria, xamurra, poetikoa eta ederra da. Errespetu osoz azalarazten du artzaiaren bizitza eta pentsamendua, heriotza ta denboraren iragana naturaltasunez begiratuz”. Gainera, “gai asko ukitzen ditu sakontasunez, ikusleoi hausnartzera eramaten gaituelarik: nola bizi garen, zein balore ditugun, nondik gatozen eta nora goazen.” Epaimahaikideek trebetasun handiko film baten aurrean gaudela azpimarratu nahi izan dute.

Bestetik, beste lau sari eman zituzten. Zuzendaritza onenaren kategorian, Aitor Mendilibar eta Jon Aramendi-ren Habana Glass filmarentzat izan zen. Epaileek zera azpimarratu zuten: “Bi zuzendariek airean eramaten gaituzte lehen segundutik amaiera arte. Alor filmiko guztien bikaintasunagatik izan da aukeratua. Kasurako, pelikularen erritmoa, musika, soinua, muntaia, aktoreen zuzendaritza eta irudia maila altukoak direla azpimarratzen dugu epaimahaikideok”. Haientzat izan ziren 1.600 euro eta baita Zilarrezko Antzarra. Gidoi onenaren saria Ane Zulaika-ren Emakumeak Blai ikus-entzulekoak eskuratu zuen –1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra– eta Gazte22 saria Unax Alcubillaren Kosmos Polita lanak jaso zuen –Zilarrezko Antzarra eta 750 euro–. Azkenik, ikusleek astean zehar emandako botoen bidez EITB Ikusleen sariaren irabazlea ezagutarazi zen. Ekaitz Vertizren Hitza eman nion izan zen garaile.

EZBren 46. edizioan Elena Irureta eta Ana Gabarain euskal aktoreak omendu zituzten, Euskal Zinemaren Begirada alorrean. Azkenik, datorren urtean “euskal zinema bultza-tzen jarraitzeko” konpromisoa hartu zuen Euskal Zine Bilerak. l