Lekeitioko Euskal Zine Bilera hasteko egun batzuk baino ez dira geratzen eta jaialdiak bere aurtengo berrikuntzak eman ditu ezagutzera aste honetan. Aurtengo honetan jaialdiak “ondare” gisa duen balioa goraipatu nahi du. Eta hala egingo du. Aurtengoa 46. edizioa izango da, eta ibilbide luze honetan zehar “emandako pausoak mahai gainean” jarriko dira. Jarraitu zinearen lorratza da jaialdia borobilduko duen lema, atzera begirada egitea bide berriak zabaltzeko.

“Euskal zinemagintzari norbaitek eman badio ospea horiek gure aktoreak izan dira”, adierazi zuten aurkezpenean. Ikuspegi horretatik, Lekeitioko Euskal Zine Bilerak urtero jartzen du bere begirada euskal ikus-entzunezkoen alorrean ekarpen berezia egin duen eragile edo pertsona batengan. Aurten, bi aktore handiren bideak berriz gurutzatu nahi ditu eta merezi duten aitortza egin eta ospatu. “Hamarkada guzti hauetan, gure iruditegia osatzeko egindako ekarpena eta euskal ikus entzunezko ondarean utzitako lorratzaren gainean jarriko dugu Euskal Zinemaren Begirada”, azpimarratu zuten antolatzaileek.

Zehazki, saria Ane Gabarain Gaztelumendi (Donostia, 1963) eta Elena Irureta Azanza (Zumaia, 1955) aktoreentzat izango da. Biek euskal zein Euskal Herritik kanpoko iruditegian lekua egin duten aktoreak dira. Honez gain, Euskal Zine Bilerak euskarazko zinemagintza bultzatu eta sustatzeko lana egiten du eta badaude antzerako helburua duten beste eragile batzuk. Hori dela eta, garrantzitsutzat ematen da horiekin ere elkarlana sustatzea. Edizio honetan asko izango dira bidelagunak baina, berrikuntza gisa, Gasteizko Artium Museoarekin “partekatuko dugu tarte berezi bat. Pantaila irekia ekimenaren barnean euskal kulturgintzaren alorreko erakundea den Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoarekin elkarlanean abiatzen da Zine Elkarrizketak egitasmoaren bidez”, iragarri zuten atzoko agerraldian. Artium Museoko ‘Z’ aretoan erakutsitako hiru euskal sortzaileren lanen aukeraketa bat proiektatuko da eta egileekin elkarrizketa egingo da ostean. Ainara Elgoibar-en Gold 20, Maddi Barber eta Marina Lameiro-ren Paraíso eta Irati Gorostidi eta Mirari Echavarri-ren San Simon 62 filmak ikusi ahalko dira.

Aurtengo berrikuntzak ez dira hor amaitzen eta Euskal Zine Bilerak zinemagintzaz gain, artearen esparru ezberdinetara zabaldu nahi ditu bere mugak. Hau kontuan izanik, jaialdiaren garaikurra berritzeko deialdia egin zuen duela hilabete batzuk. Gainera, 2023tik aurrera euskal artista batek hartuko du garaikurra diseinatzeko enkargua, eta hiru urtero beste sortzaile bati pasako dio testigua. 46. edizio honetako garaikurra Sahatsa Jauregi artistak (Taparica, Brasil, 1984) egin du. “Ezezaguna eta ezagunaren, hurbilekoa eta urrunekoaren arteko harremanean oinarritutako pieza bat aurkeztu du Sahatsak. Julio Medem-en Vacas filma ere abiapuntutzat hartuta, EZBko urrezko antzarra testuinguru berritu batean jartzeko”, laburbildu zuten atzoko agerraldian antolatzaileek.

Zine bilakatuta

‘Andrezaharraren manifestua’. Euskal Zine Bilera hasteko egun batzuk baino ez dira geratzen eta jaialdiak bere aurtengo berrikuntzak eman ditu ezagutzera. Horietako bat Mari Luz Estabanek ida-tzitako ‘Andrezaharraren manifestua’ izango da. “Manifestu bat da esanguraz bete nahi den aldarri bat gai, arlo, eremu batean non esanahiak kerratuz doazen eta errealitate berriak isilik ere garrasika hasten diren”. Lehiaketaz kanpo emango den film honek Mari Luz Esteban antropologarekin solasean aritzeko aukera emango du.