Urriaren 13tik 15era Mangamoreren 17. edizioa ospatuko da eta atzoko prentsaurrekoan edizio berriaren xehetasun guztiak ezagutzera eman ziren. “Mangamore jaialdiak merezitako ospea irabazi du, japoniar kultura eta entretenimendua maite dutenen artean. Hiru egunetan zehar, bertaratzen diren pertsonek jarduera zirraragarrien unibertso batean murgiltzeko aukera izango dute: anime proiekzioak, cosplay lehiaketak, arte erakusketak, manga eta animearekin lotutako produktuen salmenta standak eta manga munduko gonbidatu bereziak eta sortzaileak ezagutzeko aukera. Zalantzarik gabe, adin guztietako zornotzarrei eta bisitariei zuzendutako programa zabala da”, laburbildu zuen gogotsu Ainhoa Salterain alkateak.

Izan ere, manga eta animea maite dutenentzat berezia bilakatu da urtero ospatzen den jaialdi hau eta ekimen honek “Amorebieta-Etxanon turismoa eta partaidetza komunitarioa sustatzen lagundu du. Hamazazpigarren edizio hau ere berezia izango da, esperientzia paregabea bizitzeko aukera ederra”, gehitu zuen Salterainek.

Programazioari dagokionez, aurtengo izar gonbidatua AIDA.TM, influencer eta tiktoker ezaguna izango dela aurreratu zuen Sonia Cabeza Gizarte Ekintzako eta Herritarren Arretako zinegotziak. “450.000 jarraitzaile baino gehiagorekin, 21 urteko neska hau manga edukia lantzen duen ilustratzaile ezagunenetako bat da, jarraitzaile asko dituena”. Hala ere, ez da bakarra izango. El Quinto Emperador youtuberra ere Mangamore edizio berrian izango da. Gipuzkoako youtuber hau, One Pieceren zale sutsua da, eta ezaguna da telesailari buruz dituen teoriengatik eta animearen bertsio epiko honi buruzko beste bideo mota batzuengatik. Gainera, arropa marka propioa du. Biak I. Gunean izango dira urriaren 14an, larunbata, eguerdiko 12:00etatik aurrera.

Bestalde, edizio berri honetan familia osoari zuzendutako jarduerak gehitu dira eta ez dira faltako Japoniako mahai-jokoak, txapa tailerrak, Fast Origami, Ureshirekin egindako argazkiak, puzgarriak edo Txu-txu treneko irteerak. Era berean argi-sable borroka tailerra beste nobedadeetako bat izango da eta berrikuntzetatik haratago, Japoniako jarduera tradizional eta ospetsuak ere ez dira faltako, hala nola, zinemako pantailako bideo-jokoen txapelketak, arcade jokoak eta Humor Amarillo gunea.

Hitzaldiak

Zelaieta Zentroan kokatuta egongo den bigarren guneak edizio berri honetan programatutako hitzaldiak eta tailerrak hartuko ditu. Zinegotzi zornotzarrak aurreikusitako hitzaldien artean bi nabarmendu zituen; Maitane Echevarria eta Alfonso Berroyarenak hain zuzen ere. Marrazketako irakasleak eta EHUko Arte Ederretako dekanordeak aurkezpen bat egingo dute Ilustrazioaren eta Concept Art-en inguruan. Era berean, Nahikari Diosdadok, Cerbero argitaletxeko ordezkariak, fantasiazko idazkerari eta genero garaikideko literaturan euskal nortasuna eta mitologia sartzeari buruzko hitzaldia emango du. l