Herriko ohiturak ederki asko betetzen dituzte lekeitiarrek, ospatzen diren edozein jaiegunetan. Ekain amaierako San Pedroak dira honen adierazgarri, euren kilin-kala, kaixarranka edota emakumezkoen aurreskuarekin. Eta mendeetan luzatu den tradizioari jarraiki –festen aipamenik bada 1879 urtekoa–, eta iraila helduta, San Antolin festetaz gozatzeko ordua heltzear da. Bada, irailaren lehen egunetik eta 7ra arte, kuadrillen bajada egiten denetik eta Urte barri off-kotiloia ospatzen denera arte, gustu guztiak asetzeko –umeentzako proposamenak, kirola, kultura, musika...– 80tik gora ekimen antolatu ditu Jai Batzordeak. Jardunaldi handi batek bihurtzen ditu berezi San Antolin jaiak, Lekeitio jendez betetzen duen irailaren 5eko Antzar egunak, baina beste hainbat kontu dira egiteke udalerrian. San Antolinak antzarrak baino askoz gehiago direlako.

Hasteko, lehendabiziko egunean kuadrillen txanda izango da. Kuadrillen bajadaren XXXVI. edizioan, Lekitto musika bandak eta Aittitta Makurra txarangak animatuta, milaka lekeitiarrek egingo dute bat San Antolinei hasiera ematen dien ospakizunarekin. Arratsaldeko 19:30etan hasiko da, eta ordu erdiren ost–20:00etan– angelusa, kanpai jotzea, txupinazoa eta Anteroren bajada izango dira. Aurtengoan “20 urtez San Pedro jaietan kaxarranka dantzatzearen ardura” izan duen Asier Uskola izango da txupina botatzeaz arduratuko dena. Oihan Vegak girotuko ditu osteko orduak eta 22:30etan suzko zezena izango da plazan, 23:00etan Dj Fonoplay-ren emalandia hasiko da Eskolapean eta 23:30etan Zirkinik Bez erromeriaren txanda izango da.

San Antolinak hasita, giroak ez du etenik izango. Irailaren 2 herriko patroia omenduko dute egitarau zabal batekin: akordeoi-joleen kalejira, tiragoma txapelketa, agintarien prozesioa, meza nagusia, Lekitto musika bandaren kontzertua, esku pilota torneoaren partiduak, txapel jaurtiketa, bertso saioa –Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Saioa Alkaiza Arranegin izango dira balkoitik balkoira–, Liher taldearen kontzertuan su artifizialak –Zaragozana pirotekniaren eskutik– edota Su Ta Garren kontzertua eta Dj Ztart-ren emanaldia izango dira egunean zehar. Irailaren 3an, bestetik, paellen lehiaketa izango da eguneko gozagarri nagusia, 10:00etatik aurrera batuko direlarik partehartzaileak plazan, euren lanak 13:30etan aurkezteko. Goizean zehar Gazte Akuatloia eta Itxaropena txistularien kontzertu ibiltaria; arratsaldean San Antolin trofeoari ekiteko Kepa Naberan Kaltzakorta futbol zelaian. Egunari amaiera emateko, azkenik, Mexikoko soinuak izango dira Mariachi Imperial taldearen eskutik –iluntzeko 21:00etatik hasita– eta ostean Gozategi taldeak kontzertua emango du, 23:00etatik aurrera.

Datorrenari begira hasiko dira lekeitiarrak irailaren 4an. Izan ere, Antzar Eguna ate joka denean, ekimen berezi honetan parte hartzeko izen ematea zabalduko dute Kultur Etxeko Azkue aretoan goizeko 10:00etatik 13:00ak arte. Jardunaldiak hala ere, correfoc festa hartuko du Sabino Aranatik plazara arte 21:00etatik hasita, Lekittoko deabruakek antolatuta, eta 21:30etan XXXI. Play backa plazan ospatuk dute, Markesen alabek antolatuta.

Antzar Eguna

Antzar Egunari dagokionez, goiz-goizetik hasiko da jardunaldi girotzen, lehendabizi txistularien eskutik eta ostean buruhandi eta erraldoien kalejirarekin. Antzarren jai hasi baino aldez aurretik, 11:30etatik 14:30ak arte umeen parkea izango da Juan Bautista Eguzkitza enparantzan eta plazagorrian. Bakalostean, 16:00etan, ekingo zaio Lekeito ezagun bilakatu duen ospakizun bati, orduan hasiko da Antzar jaia portuan eta. Ostean masta-puntakoa, Dj Bull –plazan 19:30etan–, Oxabiren erromeria –22:00etan– eta Dj Elepunto –1:00etan– arituko dira.

Ordurako hasiak izango dira lekeitiarrak jaiei agur esaten hasten, nahiz eta aurretik ordua izango duten Umeen Eguna ospatzeko –irailaren 6an– eta jaiei amaiera emango dien Urte barri Off-Kotiloiarekin, irailaren 7an ospatuko dena.