Laudioko Udalak Lamuza parkeko haurrentzako aisialdi gunea berriztuko du, zaharkituta omen baitago. Haur-parke horren egungo irudia erabat aldatuko da datozen asteetan. Lanen esleipena lortu duen Lurkoi enpresak, dauden bost jolasak kendu eta horien ordez txikiek gozatzeko bost gune berri jarriko ditu.

1. GUNEA. ZENTZUMENEKIN ESPERIMENTATZEKO JOLASAK

Lehen eremu horretan jolas integratzaileak eta sentsorialak instalatuko dira, haurrek zentzumenekin esperimentatu eta egokitzeko gaitasuna entrenatu dezaten. Horrela, espazioan altuera desberdinetako egitura-multzo bat, enbor motako lau taburete izango dituzten bi mahai-multzo eta harea-jolas bat, eta beste zenbait elementu jarriko dira.

2. GUNEA. ZABUAK

Gune hau 1 eta 10 urte bitarteko umeentzat diseinatuko da eta bi zabu izango ditu: bata habia motakoa eta bestea bikoitza sehaska motako bi eserlekurekin.

3. GUNEA. APARATU KULUNKARIAK ETA MUGIMENDUKOAK

Espazio honetan mugimendu handiko jolasak prestatuko dira. Pneumatikoarekin egindako plaza bateko kulunka instalatuko da 8 eta 14 urte bitarteko adingabeentzat, soka txirikordatuzko pendulu kulunkari bat 6 eta 14 urte bitarteko haurrentzat, eta zubi elastiko bat 6 eta 12 urte bitarteko umeentzat.

4. GUNEA. TIROLINA

Gune hori tirolina baterako izango da oso osorik. Bikoitza izango da, antolamendu paraleloan, erabiltzeko orduan lehia eta txapelketa ukitu txiki bat sortu ahal izateko.

5. GUNEA. ZIRKUITUA ETA TXIRRISTA

Parkeko baliabide naturalak aprobetxatuz, maldak eta zuhaitzak, besteak beste, oztopo eta oreka zirkuitua sortuko da, sokaren laguntzaz igaro beharreko pasabideekin, igarobideekin, zinta esekiekin, eskalada-elementuekin eta elementu irristakorrekin, txirristak, besteak beste.

Jolas horiek gauzatzeko epea hamazazpi astekoa da. Laudioko Udalak 167.779,56 euro inbertitu ditu, BEZ barne, haurrentzako aisialdi-gunea osorik eraberritzeko.