Astearte honetan goizean, ETAren lehenengo biktima zibila izan zen Fermín Monasterio Pérez taxi-gidariaren omenezko plaka inauguratu egin dute ekitaldi sinboliko eta hunkigarri batean. Ekitaldian Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, udal ordezkariak eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunearen ordezkariak hartu dute parte.

Plaka Deustuko Botikazarreko parkean jarri dute, iturriaren ondoko lorategi-eremuan, familiaren etxetik gertu. Halaxe nahi zuen familiak, Ferminen historia gogoratu ahal izateko eta ahanzturatik ateratzeko. Ferminek 38 urte baino ez zituen, eta lanean ari zen bitartean erail zuten. Helburu horrekin, behealdean QR kode bat jarri da, udalaren webgunera eta "Bilboko Memoriaren Mapa" delakora eramaten duena. Bertan, uriko indarkeria politikoarekin eta terrorismoarekin lotutako gertaerak jasotzen dira. 

Fermín Monasterio Pérezen historia

Burgoskoa jatorriz, ETAko kide batek 1969ko apirilaren 9an hil zuen, Artekale kalean (Bilboko Zazpi Kaleak) polizia-operazio batetik ihesean zihoala. San Anton elizatik gertu dagoen taxi-geralekuan, Fermín Monasterio taxi-gidaria armaz apuntatu eta uritik irtetera behartu zuen. Bidean, iheslaria zaurituta zegoela ikusita, ez zuen aurrera egin nahi izan zer gertatzen zen argitzen ez bazuen, eta, orduan, hiru tiro jaso zituen; Arrigorriaga parean, ibilgailutik atera zuen, eta azken tiro bat eman zion; bide-ertzean utzi eta taxiarekin ihes egin zuen. Pertsona batek larriki zaurituta aurkitu zuen, eta Basurtuko Ospitalean bizirik sartu bazen ere, handik gutxira hil zen. Ibilgailua Orozkon (Bizkaia) abandonatu zuten.

Harrezkero, urte gogorrak iritsi ziren familiarentzat, eta hilketari buruzko egia ezkutatu behar izan zuten, isilik zegoen eta ETAren biktimekin elkartasunik ez zuen gizarte baten aurrean defendatzeko. Haren heriotza erantzukizun judizialik gabe geratu zen, 1977ko Amnistiaren Legea aplikatu zelako.

Bilbok ez du ahaztu

Fermin Monasterioren plaka terrorismoaren biktimen oroimenez Bilbon jartzen den laugarrena da. Lehenengoa 2021eko azaroan jarri zen Ángel Pascual Múgica Lemoizko zentral nuklearreko proiektu-ingeniariaren oroitzapenez. ETAk 1982an hil zuen Begoña auzoan. Bigarrena 2022ko irailean, José María Urquizu Goyoganaren omenez. ETAk 1980ko irailaren 13an hil zuen, familiak Durangon zeukan farmazian lanean ari zela. Plaka hori, familiak berak hala nahi zuelako, Casilda Iturrizar parkean dago. Parkea oroimenerako espaziotzat hartzen da terrorismoaren biktimei dedikatutako monolitoa dagoelako, 2006an inauguratua. Hirugarrena, aurtengo martxoan jarri zen, Kale Nagusiko 1ean, Plaza Biribilaren ondoan, Banco de Vizcaya erakundearen egoitza zegoen lekuan, han baitzuen lantokia Benicio Alonso Gómezek. ETAk 1983ko otsailaren 5ean bonba batek eztanda egin ondoren erail zuen. 

Sinbolo horiekin "Bilboko Memoriaren Mapa" eratzen ari da. Udalaren eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunearen ekimena da, biktima horien oroitzapenari eusteko eta urian indarkeria politikoarekin eta terrorismoarekin lotutako gertakari horiei erreferentzia geografikoa emateko, eta, ahanzturatik ateratzeko, eraildako pertsonen istorioak erreskatatzeko, herritarrengana iritsi daitezen. Horretarako, plaka guztien beheko aldean QR kode bat dago, udalaren webgunera bideratzen duena. Bertan, Memoriaren Mapa hau dago, atal berezi batean dago.    

Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea

Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea 2017ko urriaren 16an sortu zen terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei lotutako udal-politika publikoak jorratzeko eta elkarlanean aritzeko topaleku gisa. Ekimen horren xedea da errespetuaren eta bizikidetzaren balioetan sakontzen lagunduko duten programak eta jarduketak adostea eta haien inguruan lan egitea.

Enpatiaren, elkartasunaren, erantzukizunaren, konpromisoaren, tolerantziaren eta aniztasunarekiko errespetuaren balioetan oinarrituta, Bilboko Topaguneak honako konpromiso hauek ere hartu ditu: “biktimak aintzatestea, elkarrizketa ahalbidetzea bai biktimekin bai euren artean, adostasun politiko nahiz sozial handia lortze aldera, eta erakunde publikoekin elkarlanean aritzea, terrorismoaren eta indarkeriaren biktima guztiak aintzatesten eta babesten dituen lege-esparru bat garatzen jarraitzeko".