Bilboko Udalak 1.763.877,52 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZik gabe, 7.200 metro koadro inguruko aisialdirako gune berri bat eraikitzeko Zurbaranbarri eta Atxetabidea kaleen artean, Remar eta Sarrikue etxaldeen ondoan, konkretuki. Bada, obra horiek direla eta, Antzeta bideko aparkalekua hamar hilabetez okupatuko da, 62 zenbakiaren parean dagoena, bertan kokatuko baitira obra-etxolak.

Zehazki, egiten den parkeak egoteko guneak eta jolasguneak edukiko ditu, esparru osotik banatuta. Parke barruko koten arteko aldea gainditzeko, elementu nabarmen gisa, egurrezko oinak dituen altzairuzko txirrista bat ipiniko da. Horrez gainera, oreka- eta eskalada-jolas batzuk ere jarriko dira enbor horizontal eta bertikalekin, baita zabuak ere.

Gainera, iparraldeen dagoen zatian, haurrentzako rokodromo bat ipiniko da, kautxuzko segurtasun-zoruarekin.

Zona osoan hiri-altzariak jarriko dira: eserlekuak, paperontziak, zuhaitz-txorkoak... Era berean, edateko iturri bat eta 10 bizikletarako aparkaleku bat ipiniko dira.

Landareei dagokionez, beharrezkoa bada belar-sastrakak kenduko dira, eta, ondoren, berrogei zuhaitz baino gehiago landatuko dira; besteak beste, olibondo bat, zenbait espezietako astigarrak, hosto handiko ezki bat, lau likidanbar eta hosto zabaleko beste hainbeste lizar.

Proiektu honen bidez, Atxetabidea kalearen inguruko irisgarritasuna ere hobetzeko asmoa du Udalak, arrapalak eta barandak jarriko baititu kale horren malda arintzeko. Bide nagusi bat diseinatuko da parkearen barrualdetik, era guztietako pertsonen irisgarritasuna bermatzeko.

Gainera, bide berri bat sortuko da, eta, hari esker, 25 aparkaleku-plaza atera ahal izango dira (24 aparkaleku erregular, eta mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako bat).

Oinezkoentzako bideei dagokienez, espaloiak ahalik eta zabalduko dira kale horretan. Ibilgailuentzako bidea ere hobetuko da: errodadura-geruza eguneratuko da eta oinezkoentzako beste pasabide bat sortuko da, aipatu arrapaletatik zuzenean sartu ahal izateko.

Argiteriako eta zuntz optikoko sare berri bat jarriko da, parkea, aparkalekuak eta eremu berrira sartzeko errepidea argiztatzeko.

Gainera, Atxetabidea kaleko 14. zenbakiko autobus-geltokia mugitu egingo da: begiratokitik eta kalea Zurbaranbarri auzoarekin lotzen duten eskaileretatik hurbilago dagoen toki baten jarriko da.

Auzokide Plana

Remar-Sarrikue etxaldeen ondoan aurreikusten diren obrak Auzokide Planaren barruan daude, uriko auzoak hobetzea helburu duen planaren barruan; gainera, 2. barrutiko (Uribarri) auzotarrek lehentasuna eman diete lan horiei.