Maiatzaren 3an hasi eta ekainaren 7ra arte, pilotazaleek oraingo pilotaririk onenak ikusteko aukera ezinhobea izango dute Bilbon, bertan jokatuko baita Bilbao Iron Cup txapelketa. Club Deportivoko frontoia izango da zesta puntaren egoitza.

Bilbao Iron Cup-en lehen edizio hau kategoria goreneko txapelketatzat sartu da Jai Alai League-n, izen handiko beste txapelekat batzuekin bat eginez: Gernikako Winter Seriesa, Biarritzeko Urrezko Xistera eta Donibane Lohitzuneko Nazioartekoak, besteak beste.

Hartara, Bilbao Iron Cup Jai Alai League-ko zortzigarren proba izango da, eta faborito nagusia du: Aritz Erkiaga, Winter Seriesaren eta Paue, Lekeitio eta Zumaiako txapelketen irabazlea. Honen aurkariak izango dira Deportivon Barandika-Lekerika, Goitia-Basque, Biarrizko Sorozabal anaiak (Johan-Gorka), Laduche-Manci eta maiatzaren 27an eta 28an jokatu beharreko Pro-Am txapelketatik aterako den azken bikotea.

Emakumeen Masterra

Emakumeen zesta punta ere ilusio handiko garaia ari da bizitzen. Pilotari gazteek osatzen duten belaunaldi honek erreferentzia izatea lortu du, zesta puntan lehen pausuak ematen ari diren neskatxo guztientzat. Orain arteko txapelketa eta desafioak Durangon, Lekeition, Zumaian edo Gasteizen jokatu dituzte eta hauei batuko zaie Bilbao Iron Cup-a ere. Lau bikoteak hauek dira. Erika Mugartegi eta Frida Watkins, Elaia Gogenola eta Ihart Arakistain, Helena Barrenetxea eta Maialen Aldazabal eta Maite Ortiz de Mendibilk eta Arai Lejardik osatzen dutena. Emakumeen txapelketa maiatzaren 24an hasiko da, gizonezkoen finalerdiekin batera.