Urtero bezala, Bilbok bat egingo du apirilaren 29an mundu osoan ospatuko den Dantzaren Nazioarteko Egunarekin. Aurten, nobedade gisa,  jarduneko konpainientzat eta sortzen ari direnentzat, artista profesionalentzat, jarduera tekniko osagarrietako profesionalentzat, koreografia zuzendarientzat, koreografoentzat eta abarrentzat sortutako prestakuntza-jardunaldiak eskainiko ditu.

Jardunaldi horien helburua da profesionalei beren jardueraren inguruko lan-kontuei buruzko informazioa eskaintzea; hala nola, EAEko Arte Eszenikoen sektoreko Hitzarmen Kolektiboa, 2023an sinatua, artistentzako forma juridikoak eta lan-kontratuak, edo Gizarte Segurantzarekin, Ogasunarekin eta fakturazioekin loturiko bestelako gaiak.

Saioak Kulturgestek emango ditu, eta apirilaren 29an eta 30ean (astelehena eta asteartea) izango dira aurrez aurre Bilboko Burtsaren eraikineko Ganbara espazioan.

Interesatuek apirilaren 21era (igandea) bitarte eman dezakete izena; horretarako, posta elektronikoa bidali behar dute info@addedantza.org helbidera. Halaber, bide bera erabil dezakete saioetan landuko diren gaiei buruzko kontsultak eta zalantzak argitzeko, eta hori apirilaren 21a baino lehen egin behar dute.

ADDEko bazkideek doan eman dezakete izena, baina bazkideak ez direnek 12 euro ordaindu beharko dute egun bateko saioarengatik eta 20 euro bi egunekoarengatik.

Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea

2003an sortu zen ekimena, eta sektorearen barne-kohesioaren alde eta profesionalen lan-baldintzak hobetzearen alde lan egiten du. Era horretan, dantzari eragiten dioten politika publikoetan esku hartzen du, maila kulturalean, prestakuntza-mailan eta maila laboralean. Era berean, ADDEk dantza herritarren artean hedatzeko eta zabaltzeko egiten du lan, dantza ezagutzea eta praktikatzea sustatzearekin batera, adierazpen artistiko gisa nahiz prestakuntza eta alderdi ludiko gisa ere.