Bilboko Udalak beste urrats bat eman du bilbotar guztiak euskalduntzeko bidean. Euskara ikasteko udal dirulaguntzak herritar guztientzat eskaintzen ditu estreinako aldiz. Malgutze honen bidez, udalak euskararekin daukan konpromisoa indartzen du, euskararen ikaskuntzaren bidez, euskararen erabilera eta normalizazioa sustatuz, euskara herritarren eguneroko bizitzan komunikazio-hizkuntza gisa transmititzen laguntzeko.

Laguntzak, orain arte, gurasoei, aisialdiko eta kiroleko begiraleei, eta deialdietan ezarritako mugatik beherako diru-sarrerak dituzten familietako kideei eskaintzen zitzaizkien.2024tik aurrera, berriz, erroldatuta egotea, gutxienez azpimaila bat gainditzea, % 60ko asistentzia betetzea, eta entitate publikoekin zorrik ez izatea dira dirulaguntza eskuratzeko bete beharreko betekizunak, harik eta poltsa bete arte.

2024an, baldintzak betetzen dituzten bilbotar guztiek dirulaguntza bat edukiko dute edozein euskaltegi homologatutan matrikulatzeko (Bilbon egon edo ez egon). Poltsako 700.000 euroak eskaera egiten duten pertsona guztien artean banatuko dira, betiere bakoitzaren gehiengoa estaltzen saiatuz.

Aurreko ikasturtean, 700.000 euroko aurrekontuarekin, 284 pertsonak jaso zuten dirulaguntza ekonomiko hau; gehienak gurasoak izan ziren. Aurtengo edizioan espero dugu onuradunak askoz gehiago izatea, ikastaro homologaturen batean matrikulatzen diren bilbotar guztiengana hedatuko baitira laguntzak.

Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren helburu estrategikoetako bat da euskara ikasteko laguntza ematea.