Uribitarte40 aretoak aste honetatik aurrera jasoko du Jorge Isla artistaren "Kontrol materiala, kontrol ukiezina"  izeneko lana. Bertan, artistak bere azken ekoizpenak aurkezten ditu, zenbait gairen inguruan hausnartzen dutenak, hala nola artisten lana aitortzeko eta saritzeko aplikatzen diren parametroak, artelanaren prezioa eta balioa, aurkezpenaren eta errepresentazioaren ideiaren moduko kontzeptuak, edo binomio batzuk: publikotasuna-pribatutasuna, ikusgai dena eta ikusezina dena; kopia eta originala.

Artelana beste produktu material bat bezala hautematen dela eta artisten lana preziotik eta merkatuan duen posizionamendutik ezagutzen dela bezalako ideietatik abiatuta, Islak Uribitarte40 Aretoa erabiltzen du sortzaile emergentearentzat suposatzen duen paradoxa horretan sakontzen duen paralelismo bat erakusteko.

Ohiko kanonetatik, erakusketa-formatuetatik edo obretako material nobleetatik urrun dagoen erakusketa honetan, jabetze artistikoaren edo bere proposamenetan material pobreak erabiltzearen moduko praktikak dira bere ikerketaren ardatza, dela pinturan, dela eskulturan dela instalazioetan, esanahi eta adierazle berriak bilatu nahirik. 

Piezen artean, instalazio nagusia nabarmentzen da, "Titulurik gabea" (2023). Bertan, argazkiz ilustratutako fitxen inbentario bat proposatzen du, hainbat motatako artelanekin, alegia, kontserbazio-irizpide desberdinen eraginez galdu egin direnak, multzoaren estimazio monetarioa bisitari bakoitzaren espekulazioaren esku utziz. Pieza honen bidez, erakusketak zalantzan jartzen du argazkigintzarekin eta bere dokumentu-estatusarekin dugun harremana, beraren erabilera tradizionalekin jokatuz: froga juridiko moduan sortutako argazkia artelan bat erreproduzitzeko funtzioarekin asimilatzen da hemen. "Artxibatze" prozesu horretan, artelanek eraldaketa-prozesu bat jasaten dute, itxuraz lauak eta bereizmen txikikoak diren erreprodukzio bihurtu arte, inolako irizpide esanguratsurik gabe artelan baten erreprodukzioari dagokionez, eta horrek bere esentziaren eta izaeraren desmaterializazioa azaleratzen du, orain pixelen bilduma bat besterik ez baitira.

Pieza horri —kopia-originala, ikusgaia-ikusezina, publikoa-pribatua binomioen dikotomia irudikatzen duena— beste batzuk gehitu behar zaizkio, hala nola espazioko kristalezko azaleran aurkezten dena, —instalazioen mugak eta muturrak aztertzen dituena —; edo Karl Marxen itsulapikoa eta hamar zentimoko txanponaren instalazioa —"lan-balioaren teoria" azpimarratzen duena, artista langile gisa eta haren obrara produktu edo merkantzia gisa estrapolatzen dena—.

3 artista hautatuak

Proiektu hau Uribitarte40 Areto berriaren 2024ko lehen seihilekorako programazioan sartzen da. Izan ere, sasoi horretarako BilbaoArtek hiru artista aukeratu ditu, epaimahai profesional baten bitartez, aurreko urteko egoiliar guztien artean, honako hau garatzeko: banakako erakusketa bat, programa publiko batzuk eta aukeratutako artisten sustapen eta hedapenari laguntzen dien argitalpen monografiko bat.

Urteko lehen seihileko honetako banakako erakusketak aukeratu dituen epaimahai profesionala Zuhar Iruretagoiena (Zarautz, 1981), Fermín Moreno (Bilbo, 1970) eta Ixone Sádaba (Bilbo, 1977) artistek osatu dute. Aurreikusitako egutegia honako hau da: otsailaren 9tik martxoaren 10era, Jorge Isla (Huesca, 1992), martxoaren 22tik apirilaren 28ra, Marta van Tartwijk (Bartzelona, 1990) eta maiatzaren 3tik 31ra, Irantzu Yaldebere (Bilbo, 1994).

Artistaren monografia

Erakusketaren kariaz, BilbaoArtek artistaren monografia bat argitaratzen du. “Arrazoitu gabeko katalogoa” izenburupean, argitalpen hori proiektuaren beste obra bat bezala sortu da, eta artelanaren ohiko formatuaren iraulketa bat da, liburu formatura eramana.

Jorge Islak argitaratutako eta Iván Gómez artistak diseinatutako monografia honek proiektuaren erakusketa-formatuan eta instalazio nagusian azaldutako eta kuestionatutako planteamendu berberak sakondu eta jorratzen ditu: artelanez jabetzea, material pobreen erabilera edo konbentzionalismoen kuestionamendua, kasu honetan artista liburuen formatu editorialari eta liburuei lotuta.